Haurren artean euskararen erabilera sustatzeko xedez, Mintzaon egitasmoa abian jarri du udalak

Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak Mintzaon egitasmoa abian jarriko du ikasturte honetan. Aisialdiko jarduera ludiko bat da, eskolaz kanpo, giro atseginean, euskaraz aritzea eta ahozko euskara lantzea sustatzeko xedez. 8 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendua dago, eta online egingo dute urritik maiatzera bitartean.
Bi talde egingo dituzte:
- MintzaOn: 8 eta 12 urteko bitartekoentzat —LH 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleentzat—.
- MintzaOn+: 12 eta 14 urte bitartekoentzat —DBH 1 eta 2. mailako ikasleentzat—.
Doako jarduera honek eremu digitalean euskaraz aritzeko aukera emango die haur eta gaztetxo donostiarrei. Begirale baten laguntzarekin, solasean ariko dira jolastu bitartean: hizkuntza-jokoak, erronkak, musikarekin loturiko ekimenak eta gustuko dituzten bestelako jarduerak partekatuko dituzte. Euskaraz hitz egiteko gai den edonork parte har dezake, 350 bat parte hartzaile izango dira.
Parte hartzaileak adinaren eta ordutegiaren arabera bost-zazpi laguneko taldeetan antolatuko dituzte eta dinamizatzaile bat ariko da talde bakoitzarekin. Etxetik parte hartuko dute edota haurren arduradunek egoki irizten dioten lekutik. Astean behin, 45 minutuz, eskolatik atera ondoren.
Izen ematea gaurtik hilaren 23ra zabalik dago. Horretarako eta ordutegia aukeratzeko formulario bat bete behar da Donostia Euskarazen webgunean. Parte hartzaile kopurua mugatua da, beraz, beharra izanen gero, zozketa egingo dute.
Arduradunek gogoratu dutenez, Mintzaon pandemia garaian egin zuten estreinakoz, eta geroztik, joan den ikasturtean proban jarri zuten. Emaitza positiboak izan ziren eta haurren euskararen erabilerarako onuragarria zela ikusi zen. Nabarmendu dutenez, batetik, haur eta gaztetxoek ongi pasatzen dute, ahozkotasuna indartzen dute euskara modu naturalean erabilita. Gainera hiriko beste neska-mutil batzuk ezagutzen dituzte, hasieratik euskara harreman-hizkuntza hartuta. Bestetik, euskara eremu digitalean ere erabiltzen dela ikus dezakete, jarrera aktiboarekin; izan ere, komunikatzeko eta sozializatzeko gaitasunak garatzen dituzte, Mintzaonen ari diren bitartean. Horrez gain, euskara erabiltzen ez duten etxeetan hizkuntza sartzeko modu bat bilakatzen da, izan ere, gurasoek lagundu ohi diete neska-mutilei Mintzaion saioen hasieran konektatzen, eta, gero, taldekideek euskaraz hizketan jarraitzen dute.