Iraganarekin kitatutako zorra; etorkizunari irekitako atea

ROMERIA
Zuzendaria: Carla Simon · Urtea: 2025 · Herrialdea: Herrialde Katalanak
Itsasoa, ortzi muga eta belaontzi bat aurrez aurre. Vigo hiria eta kostaldea han bestaldean. Denak ere granoz beteta, trazu zorrotzak lausotuta. Irudioi off-eko ahots batek jarriko die soinua, 1983ra eramango gaituen narrazioak. Berehala ezagutuko dugu horien guztien jatorria: Marina (Llucia Garcia), aurrenekoz bere aita biologikoaren familiarekin elkartzeko haren sorterrira joan den 18 urteko kataluniarra. Bideokamerarekin erakutsiko digu Carla Simon zinemagileak gaztea aitarena zen itsasontzitik, honek erregistratutakoaren nolabaiteko kontraplanoa eskainiz.
Iragana eta oraina elkarrizketa intimoan jarri ditu lehen sekuentziatik bertatik Simonek. Bere familiari eta horien memoriari eskainitako trilogiaren azken atala den Romería filmak atzera begiratuko du, zauri mingarri bat itxiz, eta horretarako, berezkoa duen nortasun naturalistari eutsiko dio, fokua pertsonaiengan, horien barne historian eta egunerokotasuneko ekintza txikietan jarriz. Nolabait, Estiu 1993 (2017) opera prima-ren jarraipena izanik —tartean Alcarrás (2022) ere dagoela kontuan izanda—, zinemagile kataluniarrak hiesaren eta heroinaren belaunaldi galdua ekarriko du gogora, horien oroitzapena biziberrituz.
Hala, bilaketa bikoitza proposatuko digu filmak. Batetik, Marina protagonistarena: zinema ikasi nahi du, eta beka bat eskatzeko tramite legalak egin behar ditu Vigon; aitona-amona, osaba-izeba eta lehengusuak ere ezagutuko ditu han. Bideokamera eskuan, eta amarena zen egunerokoko pasarteak irakurriz, 80ko hamarkada latz hartako ondorioez jabetuko da pixkanaka-pixkanaka, senideek isilpean gordetako sekretuak argituz joango dira, detaile deseroso eta mamu zaharrak azaleratuz. Bestetik, Simonena berarena: zinema erabiliz, pasioz, sotiltasunez eta, batez ere, maitasun handiz, erantzun zaileko galderak eta hausnarketak planteatuko ditu, protagonista gaztea bere alter ego-a izanik, egunez egungo kronika (2004ko udan dago istorioa testuinguratuta) onduz, eta haren bidez, oroimen zatikatuari ordena eta bakea emanez.
Bi prozesuek bat egingo dute jai giroan, nola ez, erromeria baten bueltan, eta bat-batean, zinemagile kataluniarraren hizkera hurbil eta lirikoa hautsi egingo da, errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak lurrunduz. Romería-ren logika narratiboa askatu egingo da, eta berau egiten asmatu izan duten Jean-Luc Godard, Ingmar Bergman edota Michelangelo Antonioni maisuei zuzeneko erreferentzia eginez —hurrenez hurren, Pierrot le fou (1965), Sommaren med Monika (1953) eta Zabriskie Point (1970)—, irudimenaren errebeldia onirikoa baliatuko du iraganarekiko zorra kitatzeko. Pertsonaiek identitate berri bat hartuko dute, ametsen lurraldera joz. Gurasoak berpiztuko ditu Simonek horien memoria emozionalari gorputza emanez, haien historia omenduz.
Marina protagonistak erregistratzeko duen inpultso bera du Simonek, eta horren erakusle dira orain arte filmatutako pelikulak; bere bizi esperientziak izan ditu ardatz, bera propio nor den deskubritzeko eta ulertzeko balio izan diotenak. Baina haratago doa kataluniarraren ondare zinematografikoa, bere gurasoak ez baitira zorigaiztoko belaunaldi baten biktima bakarrak. Film guztiz pertsonala bada ere, izaera eta irisgarritasun soziala dauka, milaka baitira 80ko urte haietan bidean gelditutakoak, beste horrenbeste ondorioak pairatu zituzten neska-mutilak. Bada, horien ahotsa berreskuratuko duen bozgorailua da Romería.