Kaleratu nahi dituztela salatu dute Groseko hiru eraikinetako bizilagunek
Azaldu dutenez, Inmobiliaria Vascongadaren jabetzakoak ziren hiru higiezin horiek Zurriola Blue Residencial S.L. enpresari saldu zizkion uztailean, "gure bizitzetan ondorio larriak eraginez".

Groseko Bermingham kaleko 1. zenbakian, Zabaleta kaleko 55. zenbakian eta Segundo Izpizua kaleko 2. zenbakian bizi diren auzotarrek agerraldia egin dute ostiral goizean udaletxean “hirigintza operazio espekulatzaile” baten berri emateko. Azaldu dutenez, Inmobiliaria Vascongadaren jabetzakoak ziren hiru higiezin horiek Zurriola Blue Residencial S.L. enpresari saldu zizkion uztailean, “gure bizitzetan ondorio larriak eraginez”.
Naiz Homes promotorearekin lotura duen enpresak eraikinak eskuratu zituenetik, egoera “zaildu” egin da. Salatu dutenez, enpresaren asmoa luxuzko etxebizitzak egitea da, “horretarako bizilagunez beteta dauden hiru eraikinak hustu behar dituen arren”. Errenta handietarako etxebizitzak egitea du helburu, bertan bizi zirenen eta direnen “aukera ekonomikoetatik urrun”. Kaltetutako pertsona gehienak adinekoak dira, 69 eta 88 urte bitartekoak, etxe horietan egin dute beren bizitzaren zati handi bat. Kasu batzuetan 70 urte baino gehiago; denbora laburragoko kasuetan, berriz, 50 urte. “Beren etxeak uztera behartu dituzte lehenetsi egin direlako gaitasun ekonomiko handiagoak dituzten pertsonak. Hau eraso handia da, kalte larriekin”, adierazi dute.
Prozesua 2020an hasi zela gogorarazi dute, Azora futs putreak Inmobiliaria Vascongada erosi zuenean. Harrezkero, etxebizitza gehienak hustu egin dituzte, nahiz eta Azorak alokairuei jarraipena emateko konpromisoa hartu zuen. “Konpromiso hori faltsua zela egiaztatu dugu: ez dira gure kontratuak babestu, eta horrek beren borondatearen kontra pertsonak kanporatzea ekarri du”, gaitzetsi dute bizilagunek. Udal gobernua uneren batean Azorarekin harremanetan jarri bazen ere, emaitzarik lortu ez zuela zehaztu dute.
Bizilagun kaltetuek kontatu dutenez, enpresa hauek dirua eskaintzera hurbildu dira, baina, aldi berean, “ohartarazi” diete geratuz gero zein gaizki pasako duten obrak hasten dituztenean, “luzeak” izatea aurreikusten baitute. Abisu horretan “mehatxu bat” dagoela ulertzen dute. Hori horrela, bizilagunen ustez, udal agintariek “geldiarazi” egin beharko lukete enpresek auzotarrak “presionatzeko eta gogaitzeko” duten asmoa eta herritarrak defendatu etxebizitza eskubidea bermatuz. “Horrelako operazio espekulatzaileek donostiarron bizitza zailtzen dute eta gazteriak gure hirian, gure auzoetan, emantzipatzeko dituen aukera urriak deuseztatzen dituzte eta adinekoak babesgabe uzten dituzte”, gehitu dute.
Politika “eraginkorrak” herritarrak babesteko
Kaltetutako Groseko bizilagunek ondoan izan dute EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaran. Etxebizitza merkantzia bihurtu eta gehien ordaintzen duenari saltzeko asmoz, promotore baten “presiopean” bizi dira “kontratu mugagabeak dituzten hamarna bat familia”, beren etxea utzi eta “erabat espekulatiboa” den higiezin proiektu bati bide emateko.
Halakoen egoeraren aurrean, sustatzen ari den hiri ereduari buruz eta administrazio publikoek etxebizitza eskubidearen zaintzan duten paperari buruz hausnartu du Burutaranek: “Gobernu arduratsu batek herritarren alde jarri behar du, eta haiek babestu behar ditu, haien eskubideak bermatu behar ditu politika eraginkor eta aurrerakoien bidez. Ez du balio diren edo ez diren eskumenekin aitzakiak jartzeak, urratzen ari den oinarrizko eskubide batez ari garelako, gure hirian bertan”.
Borondatea izanda, udal gobernuak bitartekari lana egin, inplikatu egin daiteke, eragiketa horien “ondorio oso larriak” saihesteko. “Ez soilik egoerari nekez eusten dioten hamarna familientzat, baita mahai gainean alternatibarik gabe alde egin behar izan duten bizilagun guztientzat ere”.
Testuinguru horretan, funts putreen eta hirian diharduten higiezin enpresen “argazki zehatzagoa” egiteko beharra adierazi du. Horregatik, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziaren agerraldia eskatu du EH Bilduk, Azorak hirian duen etxebizitza parkeari buruzko informazioa eman dezan, besteak beste.