Kuadrilla Mundiala, jaietatik denontzako auzoa eraikitzeko
Bigarren urtez jarraian, Kuadrilla Mundiala egitasmoa jarri du martxan Guztiontzako Egia auzotar sareak, Porrontxo jaien testuinguruan. Jaietan ere auzoaren aniztasuna islatzea du helburu, auzoa saretzen jarraituz eta auzo izaera sustatuz.

Guztiontzako Egia auzotar sareak urte osoan zehar dihardu jatorri desberdinetako egiatarrak elkartzeko, auzoak dituen erronkei auzotik erantzuteko eta, horrela, etorkizuneko Egia eraikitzen laguntzeko lanean. Ildo horretatik, Porrontxo jaiak Egiakoen urteko garai kutuna direla jakitun, Kuadrilla Mundiala antolatu zuten iaz estreinakoz: «Aniztasun handia dago auzoan, eta Porrontxo jaiek auzoan garrantzi handia dutenez, iruditzen zaigu aniztasun hori Porrontxoetan ere islatu behar dela», azaldu dute sareko kideek. Iaz, jaietako bi jardueratan parte hartu zuten: osteguneko kuadrilla jaitsieran eta larunbateko kuadrillen afarian.
Kideek nabarmendu dutenez, «oso balorazio positiboa» egin zuten eta, horregatik, aurten egitasmoari jarraipena ematea erabaki dute: «Alde batetik, uste dugulako Porrontxoetan auzoak bere aurpegia erakusten duela, nor garen erakusten duela. Eta, gaur egun, auzoa jada ez da subjektu zuri bat soilik. Bestetik, Porrontxoak direlako auzoak auzoarentzat egiten dituen jaiak, eta jaiak barrutik bizitzea askoz potenteagoa eta interesgarriagoa da, ikusle gisa bizitzea baino. Gauza bat da kontzertuetara joatea edo txosnan zerbait hartzea, eta, beste bat, zure kuadrillatxoa egitea auzoan eta beste alde batetik parte hartzea jaietan».
Kuadrilla Mundiala zabaltzen
Joan den urteko Porrontxoetako esperientzia «oso ona» izan zela diote kideek, bai Kuadrilla Mundialaren antolatzaileentzat eta bai parte hartu zuten jatorri migratzaileko auzotarrentzat: «Momentu horretan, gainera, bereziki pil-pilean zegoen auzoan bizi edo ibiltzen diren kale egoeran dauden gazte magrebtarren kontua. Orduan, beraientzat aukera ona izan zen auzoko jaietan parte hartzeko eta parte sentitzeko». Horrela, esperientzia horretatik abiatuta, aurten, ahalegindu dira egitasmoa gehiago zabaltzen: «50 bat pertsona batu zaizkigu, eta gerturatzen hasi gara gustatuko litzaigukeen eszenatokira: jatorri askotako pertsonak daude, aspaldi etorritakoak batzuk eta ez horren aspaldi beste batzuk, Gipuzkoako beste herri batzuetatik etorritakoak, beste kontinente batzuetakoak, eta abar».

Guztiontzako Plaza egitasmoa antolatu zuen Guztiontzako Egiak Blas de Otero plazan maiatzean.Xalba Ramirez
Horrela, argi dute zerekin hautsi nahi duten: «Badaude esklusio prozesu batzuk jendeari zaildu egiten diotenak bertatik bertara parte hartzea horrelako kontuetan eta, nolabait, kondenatzen dugu, jatorriaren arabera, jendea jaietan ikusle gisa egotera, parte hartzaile gisa ordez».
Kuadrilla Mundiala handitzeaz gain, jarduera gehiagotan parte hartuko dute aurten, kuadrillen jaitsieran horrenbeste zentratu gabe: «Jaitsierak lotura handia dauka alkohol kontsumoarekin, eta kide askok ez dute alkoholik edaten arrazoi erlijiosoengatik edo bestelako kontuengatik. Orduan, iaz gurekin jaitsieran parte hartu zuen jende askorentzat egoera apur bat arraroa izan zen eta, beraz, guretzat ere. Horregatik, aurten, kuadrilla jaitsieran parte hartzea libreago utzi dugu nolabait. Kuadrillen afarian parte hartuko dugu, hori bai, eta uste dugu iaz baino gehiago izango garela. Bestalde, ostiralean, Salsa Badago egitasmoa antolatu dute Musika eta Dantza Eskolakoek eta hor ere parte hartuko dugu. Eta igandeko herri kiroletan ere parte hartu nahi dugu».
Bi norabideko aldaketa
Kuadrilla Mundialarekin «bi norabideko aldaketa bat» sustatu nahi dute kideek: «Auzora etorri berri den jendea auzoko jaietara gonbidatu nahi dugu, baina baita auzoko jaiak auzoko jende berriarengana hurbiltzera gonbidatu ere. Jaiak auzo baten isla dira, eta auzoa bizirik badago, jaiak bizirik egongo dira. Bizirik egoteak suposatu behar du jendea auzora heltzen den heinean, gonbidatua sentitu behar dela jaietan parte hartzera, eta argi eduki behar dugu jende berria parte hartzera gonbidatzeak suposatzen duela jaiak eraldatzea».
Izan ere, argi dute hori dela bidea Egia auzo bizia, izaera handikoa eta, batez ere, bizipozaren herria izaten jarraitzeko: «Kinka batean gaudela ikusten dugu, egunerokoan bertakoak-kanpokoak banaketa hori elikatzen dela hainbat esparrutatik, eta eskuin muturrak oso helburu argiekin elikatzen duela. Horri aurre egin nahi badiogu, elkarrekin egoten ikasi behar dugu, baina ez elkarrekin egoteagatik besterik gabe, baizik eta auzo bizi bat nahi dugulako, datorrenari aurre egiten jakingo duena. Gainera, diskurtso jakin batzuen jomugan dagoen auzo bat da gurea, eta, adi ez baldin bagaude, auzoa eraldatuko da, baina nahi ez dugun alde baterantz».