Programa «anitz» eta «erakargarri» bat izango du Donostiak Europako Mugikortasun Astean

Udalak, hainbat erakunderekin batera, jarduera programa anitza antolatu du 2025eko Europako Mugikortasun Astearen harira, “Mugikortasuna guztiontzat” lelopean. Jarduerak hilaren 16tik 22ra egingo dira, hiriko txoko desberdinetan.
“Aurten Europako Batzordeak aukeratutako leloak gure hiria beste ikuspegi batetik begiratzera gonbidatzen gaitu”, azaldu du Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak. Donostia “hiri anitza” dela gehitu du, eta adierazi du mugikortasunaz hitz egitea ez dela soilik asmo-adierazpen bat: “Benetako konpromisoa da ekitatearekin, jasangarritasunarekin eta inklusioarekin”.
Biztanle bakoitzaren segurtasunari, erosotasunari eta autonomiari bere lekua eman nahi izan diote proiektuarekin, pertsona hauen adina, egoera fisikoa edo bizilekua edozein delarik: “Gure kaleak espazio partekatuak izan daitezen lan egiten dugu, oinezkoak, txirrindulariak, patinatzaileak eta garraio publikoaren erabiltzaileak harmonian elkarrekin bizi daitezen”, adierazi du Yarzak.
Partaidetza ere, anitza
Mugikortasun astea “esperimentatzeko aukera paregabea” iruditzen zaio zinegotziari, eta jardueretan parte hartzera gonbidatu ditu donostiarrak: “Donostia irisgarriagoa, osasungarriagoa eta ekitatiboagoa eraikitzea guztion esku dago”. Cristina Enea Fundazioa, Dbus, Dbizi, Donostia Kirola, EHU, San Telmo Museoa, Eusko Jaurlaritza; bai eta Donostia Roller, Bizikletaz Adinik Ez, ONCE, Saretuz, Mugarik Gabe, Kalapie, Bizibidaia eta Txita elkarteen partaidetzarekin antolatu du aurten udalak Mugikortasun Astea.
Hilaren 16tik 22ra bitarte, tailerrak, erakusketak, ibilbideak, sentsibilizazio-kanpainak eta jarduera ludikoak egingo dira hirian. Hauxe da jardueren egitaraua:
Ikasleentzako online jarduerak
Gazteenengana iristeko, irailaren 16tik urriaren 1era bitartean, EHUk mugikortasunarekin lotutako online jarduera batzuk antolatu ditu, bereziki, ikasleei zuzendutakoak. Horiek izango dira Ezagutu gure ibilbide aktiboak! ekimena, mugikortasun jasangarriari buruzko testa eta Mugikortasun jasangarriarekin eta unibertsitate-campusarekin lotutako gaiei buruzko argazki leihaketa.
Mugikortasun Astetik kanpo
Badaude, baita ere, mugikortasun Asteko egitarau ofizialetik kanpo egingo diren ekimenak. Horien artean, Friday Night Skate azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek, hiritik eta patinetean 10 kilometroko ibilbidea egiteko egitasmoa. Hilaren 26an egingo dute.
Bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroak ere emango dira, Kalapiek antolatuta, hasiberrientzat zein trebetasunak berreskuratu nahi dituztenentzat. Tailer horiek Egiako Kalkutako Teresa plazan egingo dituzte, hilaren 27an eta 28an, eta urriaren 4an eta 5ean. Hasiberrientzako ikastaroak 10:00etatik 11:30era izango dira, eta trebetasunak hobetzekoak, berriz, 12:00etatik 13:00etara.
Saritutako joan-etorriak
Aste horretan Dbizi bizikleta publikoaren zerbitzua gehien erabiltzen duten bost erabiltzaileak sarituko dira aurten ere: joan-etorri gehien egiten dituzten harpidedunek datorren urterako abonamendu bat jasoko dute opari. Gainera, sisteman erregistratutako pertsona guztiek Guidum plataformarako hogei euroko opari-bonu bat jasoko dute.