Urriaren 16tik 19ra ospatuko da aurten Iturritik Dantza Jaialdia
Laugarren aldia izango da aurtengoa, eta aretoko eta kaleko dantza ikuskizunek bete dute egitaraua.

Urriaren 16a eta 19a bitartean egingo dute Donostian aurtengo Iturritik jaialdia. Aurreko urteetan egin izan duten bezala, aretoko eta kaleko dantzek osatuko dute programa, Donostiako, Bilboko eta Baionako dantzari eta konpainiek Okendo plazan eta Viktoria Eugenian emango dituzten ikuskizunekin.
Tradizioa eta garaikidetasuna batzen ditu jaialdiak, eta aurtengo aldia “herrikoia” eta “eszenikoa” izango dela adierazi du Donostia Kulturak: “Belaunaldiz belaunaldi transmititutakoa eta gure kultura ondare bizia bihurtzen duten begirada berriak uztartzen dituzten proposamenak elkartuko ditu”.
Ereintza eta Kresala Dantza taldeek Okendo plazan eskainiko dute emanaldia; Viktoria Eugenian, aldiz, Bilaka kolektiboa eta Adriana Bilbao dantzari bilbotarraren konpainiak arituko dira. Azkenik, jaialdiari amaiera emateko gala bat ospatuko dute, eta bertan izango dira Arkaitz, Eskola eta Goizaldi dantza taldeak, Donostiako Udal Txistularien bandaren laguntzaz.
Hauxe da egitaraua, egunez egun:
Urriak 16
- Bilaka kolektiboaren Bezperan ikuskizuna, Viktoria Eugenian
Urriak 17
- Ereintza Dantza Taldearen Gu Agustina ikuskizuna, Okendo Plazan
Urriak 18
- Adriana Bilbaoren Maitasunak ikuskizuna, Viktoria Eugenian
- Kresala Dantza Taldearen Hitaz Orhoit ikuskizuna, Okendo Plazan
Urriak 19
- Donostia Dantzan gala: Arkaitz taldea, Eskola Dantza Taldea, Goizaldi Euskal Dantzaldi Taldea eta Donostiako Udal Txistu Banda, Viktoria Eugenian.
Sarrerak datorren astelehenean, hilaren 15ean jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera, Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.