Amnistia aldarrikatu dute hamarnaka lagunek Donostian

Aske antolakundeak deituta, manifestazioa egin dute herritar ugarik Donostian gaur eguerdian (hilak 14), “amnistia” eta “Euskal Herri askea” aldarrikatzeko. Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia amaitu bezain laster abiatu da mobilizazioa, 13:00etan, Bulebarretik.
Trinitate plazan bukatu dute manifestazioa, eta Euskal Herriko eta Palestinako preso politikoei keinua eginez hasi dute irakurketa:”Gure besarkadarik beroena eta elkartasun osoa Euskal Herriaren askapenaren alde borrokatzeagatik oraindik Frantziako eta Espainiako Estatuen espetxeetan bahituta dauden euskal preso politikoei. Eta nola ez, Euskal Herritik milaka kilometrotara erbestean egonda ere gure bihotzetan oso presente ditugun iheslari politikoei. Era berean, aurtengo estropadetako amnistiaren aldeko manifestazioan, entitate sionistaren oldarraldi genozidari aurre eginez sarraski eta euren herriaren deuseztapen saiakeren aurrean defendatzeagatik, espetxeetan gatibu dauden palestinar preso politikoak ekarri nahi ditugu gogora”.
Askeren ustez, Espainiako eta Frantziako estatuak “krisi politikoan” daude, kapitalaren krisi sistemikoaren ondorioz. Testuinguru horretan “betiko errezatarioa” erabiltzen dutela salatu dute: “eskandaluen aurrean distrakzioa, aldarrikapenen aurrean ukazioa eta aktibazio eta militantzia politikoaren aurrean jazarpena”. Euskal preso politikoen gaiarekin, presoen aldarrikapenak kaletik “ezabatu” nahi dituztela salatu dute. Era berean, aldarrikatu dute “ezinezkoa” izango zaiela amnistiaren aldarrikapena kaletik ezabatzea.
Antolakundeak nabarmendu duenez, amnistia da “azarpen forma oro gainditzeko ortzimuga”, eta horren alde borrokatzeko deia egin dute: Amnistia lortu barik, ez baitugu jazarpenik gabeko Euskal Herririk ezagutuko. Amnistia barik ez baitago Euskal Herri askerik eraikitzerik.