Aspertzeko astirik ez Intxaurrondo Zaharreko jaietan: mozorro poteoa, trontza txapelketa eta beste

Jaietan murgilduta pasatu dute asteburua Intxaurrondo Zaharrean, ostegunetik igandera. Haur, gazte zein helduentzako hamaika jardueraz disfrutatu ahal izan dute intxaurrondotarrek beste urte batez, eta bat baino gehiago astelehen gogorra pasatzen arituko da gaurkoan.
Ajea pasatzeko ez ezik, ordea, jaietako argazkiak errepasatzeko eta momentu on horiez guztiez gogoratzeko egun aproposa da astelehena. Hain zuzen ere, ostiraleko mozorro poteokoak eta larunbateko herri kiroletakoak ikus ditzakezue albiste honen bukaeran.
Mozorro poteoan, auzoko taberna ugaritatik kalejiran ibili ziren auzoko kuadrillak, Irurak tabernan hasita eta Erdikoan bukatuta. Auzotarren mozorroek argi utzi zuten sormena ez dela falta Intxaurrondon.
Bestalde, larunbatean, marmitako goxoa bazkaldu ondoren, herri kirolak hasi ziren jai gunean. Lehenik, haur kuadrillen txanda izan zen eta erakustaldi ederra eman zuten askotariko probetan: lokotx biltzean, ingude altxatzean, zaku eramatean, eski lasterketan eta giza proban. Ondoren, iaz berreskuratutako trontza txapelketa egin zuten, ia hogei emakume bikoteren parte hartzearekin. Ikusle ugariren aurrean, erakustaldi bikaina eman zuten denek. Azkenean, Maddi eta Maddi bikoteak irabazi zuen txapela, maila altua erakutsita. Gainera, Ixi eta Kandela iazko bikote irabazlearen eskutik jaso zuten saria. Parte hartzaile guztiek, hala ere, oroigarri bana jaso zuten.
Jarraian, mozorro poteoko argazkiak, Asier Gonzalez de San Pedro argazkilariaren eskutik:
























Eta, hemen, larunbateko herri kiroletako argazkiak:





































































