Aurtengo Global Training beketan izena emateko aukera zabalik dago, oraindik ere

Atzerriko erakunde eta enpresetan praktikak egiteko Global Training nazioarteko bekak antolatzen ditu Donostia Sustapenak, urtero, eta aurtengo edizioan parte hartzeko aukerak zabalik jarraitzen du; datorren hilaren 19ra arte eman dezakete izena gazteek www.fomentosansebastian.eus webgunean, eta Estatu Batuetara, Kanadara, Belgikara, Balira edo Kuala Lumpurrera joan daitezke, besteak beste.
Hauek dira, zehatz-mehatz, parte hartu nahi dutenek beren eskabidea aurkezteko bete beharrekoak: unibertsitate gradua edo goi mailako lanbide heziketa titulua edukitzea, ingeleseko titulu ofiziala (B2 mailakoa unibertsitate gradudunen kasuan eta B1 mailakoa goi mailako lanbide heziketako tituludunen kasuan), EAEn erroldatuta egotea eta 30 urtetik behera izatea.
Ordainsaria 1.635 eurokoa izango da hilean, sei hilabeteko egonaldiarekin gutxienez, eta urria eta urtarrila artean dute hautatuek beren helmugara abiatzeko aukera.