EH Bilduk salatu du Azoraren etxebizitzek ez dutela OHZ errekargua ordaintzen
Groseko Bizilagunen aferaren harira, EH Bilduk salatu du Azoraren etxebizitzek ez dutela OHZ errekargua ordaintzen, eta azaldu du beren udal taldea "kezkatuta" dagoela honek alokairuaren politiketan duen eraginagatik.

Pasa den asteko ostiralean, hilak 12, Groseko bizilagunek agerraldia egin zuten Azora enpresak beraien etxebizitzen patuarekin egiten ari den “mehatxua” salatzeko. EH Bilduren laguntza izan dute bizilagunek une oro, eta Ricardo Burutaran koalizioko zinegotziak Azorak hirian duen etxebizitza parkeari buruzko informazio gehiago eman zezan eskatu zuen agerraldi horretan. Gaur, hilaren 15ean, erantzuna jaso dute; emaitza, ordea, ez zaie oso baliozkoa izan: “Bueltan jaso ditugun zenbakiek ez dute aukerarik ematen planteatutako gaiei buruzko argazki zehatza egiteko”.
Gaur bildu dira koaliziokoak Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi delegatuarekin, eta mahai gainean jarri dituzte Azorak hirian duen etxebizitza kopurua, horietatik zenbat dauden okupatuta eta zenbat hutsik, eta zenbatek duten turismo erabilerarako baimena. Erantzunak ez die ezer zehazteko aukerarik eman, antza, Azorak etxebizitza blokeak erosi dituelako sustatzaileren bati transferitzeko ondoren, “etxebizitzarekin espekulatzeko operazio multzoari jarraipena emanez”. Horrek guztiak etxebizitza kopuru zehatza jakitea “zaildu” egiten duela adierazi du EH Bilduk. Jakin dutenez, 166 etxebizitza izango lituzke Azorak gaur egun; horietatik 32 hutsik egongo lirateke eta bik bakarrik omen dute turismo erabilerarako baimena. Hala ere, salatu dute “badakitela Grosen eta Amaran gutxi bazuk badaudela”.
OHZ eta zatiketa horizontala
Horrez gain, etxebizitza horietatik guztietatik bakar bat ere ez litzateke OHZren errekargua ordaintzen ariko. Koaliziokoak “harrituta” geratu dira ordezkariak honen inguruan eskainitako hitzekin: berak onartu du Azorako etxebizitza hutsek ez dutela OHZ ordaintzen, ez daukatelako eginda “zatiketa horizontala”; hau da, EH Bilduren hitzetan, doan ateratzen zaiela etxebizitzak hutsik izatea eta, hala, “etxebizitza jabe handiek irabazten dutela”. EH Bilduk, ordea, ez du hori ondo ikusten: “Ulertezina da administrazioak oraindik tresnarik ez izatea egoera horiek saihesteko. Neurri berriak sustatu eta martxan jartzea beharrezkoa da”.
Koalizioak azaldu du beren udal taldea “kezkatuta” dagoela honek alokairuaren politiketan duen eraginagatik. Aldarrikatu du, gainera, “presiorik gabe bizitzea eskubide bat dela”, eta beraiek “arduraz” arituko direla lanean, “konpromiso hori bermatzeko”, enpresaren aldetik bizilagunek bizitzen dituzten “presioak” kontuan hartuta.