Kanpotarrei gustatzeko hiri eredutik, bertakoak zaintzen dituen hiri eredura
Vicent Molins idazle valentziarrak ‘Ciudad Clickbait’ liburua aurkeztu zuen ostegunean San Jeronimo kaleko Kriptan, Bizilagunekin eta Manteo Bizirik plataformek antolatutako solasaldiaren bidez.

Manteo Bizirik elkarteko Concha Artola eta Bizilagunekin plataformako Maider Uraldek egin zituzten saioaren aurkezle eta idazlearen galdetzaile lanak. Aretoko aulki guztiak beteta, arretaz jarraitu zuten bertaratutakoek hiriek azken hamarkadotan bizi izandako bilakaeraren gaineko mintzaldia.
Vicent Molins komunikazioa eta marketinaren eremuko profesionala da eta hori agerian utzi zuen, hiri ereduaren auziari ere ikuspegi horretatik heldu ziolako, nagusiki. Azken hogei urteotan hirien garapenerako baldintzetan zeresan esanguratsua izan duten hiru elementu nabarmendu zituen valentziarrak: online plataformetan oinarritutako kapitalismoak islatzen duen digitalizazioa; krisi finantzarioaren osteko kapitalaren mugimenduak; eta hiri marken inguruan eraikitako kontakizunen arrakastak.
1990eko hamarkadan Bartzelonak, besteak beste, erakutsitako bideari jarraitu diote beste hiri askok XXI. mendean, aipatutako baldintzak aldatu diren arren. Esan zuenez, kanpotarrei gustatzea ardatz hartuta, ekitaldi handietan eta ikono arkitektonikoetan oinarritutako clickbait estrategia jarraitu dute hiri askok; “komunikazio ultra prozesatu” gisa definitu zuen, “kalitate eskasekoa” izan arren, masiboki erakargarria izatea lortzen duelako. Estrategia horretan sortutako dispositibo (ekitaldi, festa, eraikin, sinbolo…) horien helburua ez da, bere ustez, zuzeneko inpaktu ekonomiko positiboa. Tokiko herritarrei “gure hiria indar betean doa” da benetako xedea, ideia honen bueltan autoestimua igoaraztea eta kudeaketa publikoa baloratzeko irizpideak arrakastaren kontakizunean kokatzea, herritarren bizi baldintzetan baino gehiago.
Erronka, Molinsen ustez, narratiben eremuan jokatzen da. Hiri arrakastatsu gisa ikusi beharko genukeena kohesio sozial altua, ekipamendu publiko egokiak, elkartegintza sare indartsua eta tokiko hedabide burujabeak dituena da
Erronka, Molinsen ustez, narratiben eremuan jokatzen da, beraz, neurri handi batean. Hiri arrakastatsu gisa ikusi beharko genukeena kohesio sozial altua, ekipamendu publiko egokiak, elkartegintza sare indartsua eta tokiko hedabide burujabeak dituena da. Horretarako, hirietako bizilagunek eta tokiko erakundeek euren hirien gidoia idazteko gaitasuna berreskuratu behar dutela defendatu zuen. Gaur egun, milaka kilometrotara kokatzen diren nazioarteko eragile ekonomiko boteretsuek hirien gaineko subiranotasuna ostu dutela uste du idazleak.
Hirien burujabetza berreskuratzeko lehen pauso gisa, indar horiekin aurre egin beharra ezinbestekotzat jo zuen. Interes orokorraren mesedetan, interes partikular boteretsuei mugak jartzea beste aukerarik ez du ikusten; eta horrek herri erakundeak gatazka judizialetan inplikatu beharra ekar dezakeela aurreratu zuen.
Hedabideek politika publikoen fiskalizatzaile eta hiritar eta eragileen bitartekari papera jokatu behar dutela nabarmendu zuen. Baina gaur egungo egoeraren ikuspegi ezkorra eman zuen
Turistifikazioa eta hedabideak
Turistifikazioaren aurre egiteko hiri desberdinetan hartzen ari diren neurriei erreferentzia egin zien, zenbait eredu aipatuz. Tasa turistikoaren eragina “erridikulua” izaten dela nabarmendu zuen, arazoa konpontzen ekarpen hutsala egiten duela eta estrategia komunikatiboei estrategia ekonomikoa baino gehiago lotzen zaiela. Turistifikazioak larriki kolpatutako Amsterdam edo Bartzelonan, agian beranduegi, pisu turistikoak desagerrarazteko neurri sendoak hartzeko urratsa egin dutela azaldu zuen; baina turistifikazio prozesuek hiri horietan sortutako kalte larrien ondorioz, arduradun publikoak zailtasun eta ezintasun handiekin topo egiten ari direla esan zuen.
Azkenik, tokiko hedabideen paperari ere eskaini zien tartea Ciudad Clickbait-en egileak. Hedabideek politika publikoen fiskalizatzaile eta hiritar eta eragileen bitartekari papera jokatu behar dutela nabarmendu zuen. Baina gaur egungo egoeraren ikuspegi ezkorra eman zuen; tokiko hedabideak inoiz baino ahulago eta instituzioekiko mendekoago ikusten ditu, ekonomikoki. Eta horrek beren jarduera soziala eta profesionala erabat baldintzatzen duela baieztatu zuen. Bere ustez, proiektu komunikatibo komunitario izaera da, hedabide batzuk hartzen ari direna, gaur egungo beharrei eta erronkei hobekien egokitzen zaiena.