'Las Hijas del Jazz' argazki erakusketak bete du Zurriola Pasalekua
Omar Ayyashi argazkilariak “20ko eta 30eko hamarkadetako Hollywoodeko glamourrean” izoztu ditu zenbait aktore espainiar.

Hollywoodeko izarren azalean jarri ditu Omar Ayyashi argazkilariak izen handiko zenbait aktore, Donostiako Zinemaldiaren baitan. Horiek guztiak formatu handiko 36 argazkitan bildu, eta “Las Hijas del Jazz” jarri dio izena erakusketari. Irailaren 28ra arte egongo da ikusgai, Zurriola Pasalekuan.
Antolatzaileen hitzetan, 20ko eta 30eko hamarkadetako Hollywoodeko glamourrean, haustura estetikoan eta bultzada emantzipatzailean oinarritutako erakusketa bat da; hala, aktore garaikideen eta historikoen lotura egin nahi izan du argazkilariak, gaur egungoak pertsonaia historiko batzuen azalean erretratatuz: María Zambrano, Virginia Woolf eta Gabriela Mistral dira, esaterako, aktoreok gorpuztu dituzten pertsonaia horietako batzuk.
Historiari omenaldi bat
Ayyashik azaldu duenez, “Las Hijas del Jazz” pertsonaia historiko horiei omenaldi bat da: “Euren jarrera eta denborarekin, euren borondate eta indarrarekin, euren ukapenekin, euren kemen, iraunkortasun eta tinkotasunarekin, beren ziurtasunak zabaldu eta besteen bihotzean sar zitezen lortu zuten emakume guztien omenez da”. Hiba Abouk, Leticia Dolera, Marta Etura, Clara Galle, Cayetana Guillén Cuervo, María Hervás, Miren Ibarguren, Clara Lago, Victoria Luengo, Olivia Molina, Lola Rodríguez, Ana Rujas, Aitana Sánchez-Gijón, Milena Smit, Cecilia Suárez, Manuela Velasco eta Natalia Verbeke aktoreak dira erretratuen protagonistak, eta beren erretratu horiekin batera, aktoreek berek antzeztutako audio literario bat dago, QR kodeen bidez entzun daitekeena, historian gehiago murgiltzen laguntzeko.
AECID Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak (Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren mendeko erakundea) antolatua dago erakusketa, AC/E Acción Cultural Española instituzioaren lankidetzarekin.