PACMAk udalari eskatu dio Infernuko katuak babesteko

PACMAk salatu du Donostiako Udala animalien ongizateari buruzko euskal legea eta estatukoa urratzen ari dela, Infernuko eremuan bizi diren hogei bat katuei dagokienean. Izan ere, inguruaren itxidurak, babeslekuak kendu izanak eta lanen hasierak arriskuan jarri baititu. Egoera “larria” dela adierazi dute.
Komunikabideetara bidalitako idatzian azaldu duenez, kolonia horren zaintzaileak urteak daramatza udalarekin harremanetan irtenbide bat bilatzeko, baina halakorik eman beharrean, udalak ingurua hesitu, etxolak eta jantokiak kendu eta lurrak mugitzen hasi da “animaliei inolako babesik eman gabe”.
PACMAren Gipuzkoako koordinatzaile Asier Espartzaren esanetan, “udalaren gelditasuna eta jardunbidea” legearen kontrakoak dira. Zehazki, Etxeko abereen babeserako 9/2022 euskal legea eta Animalien ongizate eta eskubideen babeserako 7/2023 Espainiako Estatuko legea. Gogorarazi duenez, haietan ezartzen da udalak direla hiriko katu kolonien kudeaketaren erantzuleak, eta zaintzaileekin lankidetzan, protokolo egokiekin babestea ziurtatu behar dutela.
Hori horrela, eragileak udalari eskatu dio lehenbailehen esku hartzea, katuen egoera aztertu, zaintzaileei sarbidea ahalbidetu eta zaintzaileekin elkarlanean jarduera protokolo bat prestatu arte lanak gelditzeko. Halaber, ohartarazi dute udalak bere legezko betebeharrei kasu egin gabe jarraituz gero, epaitegietara joko dutela.