Dbusen autobusen %30a erabat elektrikoa izango da urte amaierarako

Europako Mugikortasun Astearekin bat eginez, Dbusek aurrera eramango duen kanpaina ezagutarazi dute goizean udaletxean. Abagune hori baliatuta, gainera, udaleko autobus zerbitzuen enpresak iraunkortasunaren ildotik aurrera daraman Bideberdea egitasmoaren zenbait datu ere eman dituzte Eneko Goia alkateak eta Dbuseko zuzendari kudeatzaile Igor Gonzalezek. Xedea, 2030 urterako autobus guztiak %100 elektrikoak izatea da.
Bide horretan, mugarri garrantzitsu bat lortuko dute urte amaieran: soilik diesela erabiltzen duten autobusak desagerraraztea. Horretarako, Man etxeko Lion’s City 12E full electric modeloko 47 autobus gehituko ditu Dbusek. 23 jada iritsi dira eta datozen asteetan falta diren 24ak helduko dira, hala, flotaren %30 elektrikoa izango da. Gonzalezek azaldu duenez 24 autobusak 12 metrokoak dira eta jada zerbitzua ematen duten 23ak moduan gauez soilik kargatuko dituzte, horrekin autonomia nahikoa baitute egun osorako.
Goiak azaldu duenez, aldaketa hori hiriak klima aldaketaren aurka duen konpromisoaren adierazle izateaz gain, efizientzia handiagokoa, modernoagoa, erosoagoa eta eragozpen gutxiago sortzen dituen flota baten aldeko apustuaren isla da. “Jatorrira edo sorlekura bueltatzea, berriro elektrikoan zerbitzua ematea” dela nabarmendu du Gonzalezek, izan ere, konpainiak bere 139 urteko historiaren erdia baino gehiagoan modu elektrikoan eman baitu zerbitzua bai tranbia bai trolebusen bitartez. Eraldaketa, gainera, une historiko batean gertatzen ari da; erabiltzaile kopurua izugarri hazten ari denean, hain zuzen ere. Iraila hasieran 1.300.000 bidaia gehiago erregistratu dira, urte amaierarako 34 milioi bidaia erregistratzea espero dute, “errekor absolutua” konpainiarentzat, urte hasieratik hona ia 23,5 milioi bidaia erregistratu baitituzte.
Man Truck & Bus Iberia enpresako elektromugikortasun arduradun Alvaro Saizek informazio teknikoa eman du. Autobus berriek 48 kW orduko bateria dute, lanaldiko zerbitzua egin dezakete gauean soilik kargatuta, merkeagoa den garaian. Puntako segurtasun zerbitzuak dituzte, hiri barruan giatzeko lagungarriak diren sentsoreak eta angelu itsuak atzematekoak, besteak beste. Halaber, irisgarritasuna eta erosotasuna ere bermatzen dute.
Bilakaera, ikusgai
Eraldaketa irudikatzeko Alderdi Ederren bi autobus ikusgai egongo dira gaur eta bihar, 10:00etatik 18:00etara bitartean. “Kontrastea eta bilakaera ikuste aldera”, Man etxeko autobus berrietako bat eta 1980ko hamarkadako Mercedes zahar bat daude. Azken hori 2004ra arte konpainiaren parte izan zen ibilgailu historiko bat da, 318 autobusa. Horiekin batera, 1886an sortu zenetik Konpainiak izan duen bilakaerari buruzko informazioa eskuratuko dute donostiarrek, bai eta flotak flota moderno eta jasangarri bihurtu arte izan duen eraldaketari buruzko informazioa ere. Informazio historiko horretaz gain, autobus elektriko berrien eta dauzkaten gailuen funtzionamendua, ibilgailu berritzaile horien fabrikazio prozesua, bateria elektrikoek nola funtzionatzen duten eta baterien ezaugarriak eta herritarrentzat dituzten abantailak eta onurak ezagutu ahal izango dituzte.
Alkatearen hitzetan, “Dbusek bide garrantzitsua egin du azken hamarkadetan, gaur egun dena izateko: hirian hobekien baloratutako zerbitzuetako bat, nazioartean onartua eta erabilera zifra inbidiagarriak dituena. Garrantzitsua da honaino ekarri gaituen eta etorkizun garbiago eta jasangarriago batera eramango gaituen bide horri balioa ematea. Hori da erakusketa honen motibazio nagusia”.
Horrez gain, kontzientziazio kanpaina bat ere abian jarri dute, bi euskarritan. Batetik, Bulebarreko 9, 13 eta 17 geltokietan binilo batzuk jarriko dituzte lurrean, Bideberdeari keinu eginez. Bestalde esku orriak banatuko dituzte hainbat autobus elektrikotan. Horiek informazioaz gain, QR bat eta lore basatien haziak ere badituzte. “Nolabait, partaide egin nahi ditugu gure erabiltzaileak Bideberdeko erronka eta apustu honetan”, azaldu du Gonzalezek.