Donostiaren eta Sappororen arteko kultura trukea adostu dute

Donostiako Udalak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du Japoniako Sapporo hiriarekin, bi hirietako gastronomia eta kultura industrien garapena bultzatzeko. Zehazki, protokolo bat onartu dute Donostiaren eta Sappororen arteko kultura trukea ahalbidetzeko, Japoniako hiriak Zinemaldiarekin duen lotura dela eta.
“Asteburu honetan bertan hasiko den Zinemaldian, Sapporoko Zinema Gastronomikoaren Jaialdiko eta Donostia Zinemaldiko zuzendaritzek lankidetza hitzarmen bat sinatzea adostu dute, bi zinemaldien garapena elkarrekin bultzatzeko. Ildo beretik, eta akordio hori indartzeko eta adiskidetasun eta lankidetza harremanak sendotzeko, Sapporo eta Donostia hiriek ere adierazpen bateratu bat sinatzea proposatu dute, bi hirietan gastronomia eta kultura industrien garapena bultzatzeko”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Ostiralean sinatuko du Goiak protokoloa, Sapporoko Katsuhiro Akimoto alkatearekin batera. Protokoloaren esparrua honako konpromiso hauetan zehaztu dute: “lehenik, nork bere hirian egiten diren zinemaldiak babestea, bientzat interesgarriak diren ikuspegiak eta ekimenak partekatuz eta zinema industriaren garapenean ahaleginduz. Bigarrenik, hiri bakoitzean elikagaien industria sustatzen laguntzea, bi hirietan eta haien inguruneetan eragiten duen erakargarritasun orokorra bultzatzeko. Hirugarrenik, ahal den neurrian, bi hirien eta zinema eta gastronomiako bi jaialdien arteko adiskidetasun eta lankidetza harremanak hobetzea dakarren beste edozein gai jorratzea, adierazpen honetan ezarri ez dena”.