Palestinari elkartasuna adierazi dio Ikama ikasle antolakundeak

Ikama ikasle antolakundeak deituta, Euskal Herriko hezkuntza guneetan Palestinaren alde mobilizatu dira ikasle ugari astearte goizean. Ibaetako campusean, ikasgelategiko eskailerak blokeatu dituzte goizeko lehenengo orduan, eta Palestinaren aldeko aldarriak campusetik zabaltzen aritu dira goiz osoan zehar, “ikasleria borrokara batzeko”. Goizaren erdialdean, elkarretaratzea egin dute, baita ere.
Irakurketan, gogorarazi dute urriaren 7an bi urte beteko direla “Israelgo Estatu Sionistak Palestinaren aurka gauzatutako inoizko sarraski bortitzena hasi zuenetik”: “Palestinar herriaren genozidioan inflexio puntua suposatzen duen egunetik hain zuzen. Udaz geroztik, gainera, Netanyahuren gobernuak, Gazako zerrenda guztiz okupatzeko plan sendoa suposatzen duen findutako estrategia jarri du martxan, egoera oraindik eta jasanezinagoa bilakatuz. 80.000 hildakotik gora, lurraldearen %75 kontrolatzeko helburuarekin ipar, erdialde eta hegoaldean eremu militarizatuak ezartzea aurreikusten da, Gaza zatituz eta zibilen mugimendua muga”.
Horrela, genozidioaren aurrean, Ikamakoek argi dute ezin dutela “beste alde batera begiratu”, eta erantzukizunak mahai gainean jarri dituzte: “Denon erantzukizuna da ardura indibidual zein kolektiboei erantzun eta egoerari buelta emateko salaketa egin eta mobilizatzea. Haritzondoaren herritik, hamaika izan dira olibondoaren herriari egindako elkartasun keinu eta ekimenak. Orain ordea, ezin gara sinbolismora mugatu; gure betebehar historikoa da antolatu eta mobilizatzea, kanpaina indartsuak aktibatu eta genozidioaren konplize diren agenteak seinalatu edota agintariei Israelen aurkako neurriak hartzeko presioa egitea. Horren aurrean, urte luzez, Euskal Herriko unibertsitate publiko zein pribatuek, estatu sionista genozidarekin lotura duten enpresekin, mantendu izan dituzten harremanak behin betiko etetea eskatzen diegu. Baita bestelako entitate guztiei ere”.
Gogoan izan dute, halaber, Askatasunaren Flotillak asteotan pairatutako eraso israeldarrak: “Doakiela hemendik besarkada estu bat, zuekin gaude!”. Era berean, Espainiako Vueltan izandako protestak goraipatu dituzte: “Agerian gelditu da, beste behin, borrokak merezi duela eta lorpenak bide horretatik soilik etorriko direla”.
Ildo horretatik, antolatzera deitu dituzte ikasleak: “Ikasleoi antolatu eta borrokan jarraitzea dagokigu. Ikasle mugimendua historikoki eraldaketa eta emantzipazio prozesuen subjektu garrantzitsua izan da eta orain ere horrela izango da. Hau horrela, palestinar ikasleriari aitortza berezia egin nahi diogu Euskal Herriko ikasle mugimendutik. Genozidioa gelditzea, prozesu dekoloniala martxan jartzea eta palestinar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzea exijitzen dugu. Horren aurrean, ikastetxeak berreraiki eta ikasleek merezi duten hezkuntza duin bat bermatzea aldarrikatzen dugu Euskal Herritik. Horretara bidean, Europako Batasunari eta mendebaldeko gainerako herrialdeetako gobernuei, Israelgo estatu genozidarekin harreman diplomatiko, ekonomiko, militar edota kultural guztiak haustea exijitzen diegu”.