Usue Mori donostiarrak jasoko du bosgarren Gladys Saria

Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak nabarmentzen ditu. Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) da bosgarren saritua, eta hilaren 26an jasoko du Donostiako EHUko Informatika Fakultatean egingo den ekitaldian. PuntuEus fundazioak eta EHUko Informatika Fakultatea dira sari honen sustatzaileak.
Epaimahaiak arrazoi hauek eman ditu Mori saritzeko: “Ibilbide zientifiko sendoa du; baina gaur egungo eliteko ikerketa eredutik aldendu, eta adimen artifiziala gizartearen onurarako tresna gisa erabiltzea eta haren transferentzia lehenetsi ditu, horretarako, fakultateko beste ikerketa taldeetako kideekin ez ezik, jakintza arlo desberdinetako profesionalekin elkarlana bultzatu du. Haren lanari etorkizuneko eragin sozial positiboa aurreikusten zaio”.
EHUko irakasle agregatua da Mori, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta 2024ko irailetik aurrera Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea ere bada. Matematikan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. 2015etik irakasle da unibertsitatean.
Ibilbide akademiko oparoaz gain, Morik ikerketa akademikotik haratago joateko hautu ausarta egin du. Haren helburua ez da soilik argitalpen zientifikoen kopurua handitzea, baizik eta adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzea, eta ezagutza praktikara eramatea.
Transferentzia eta konpromisoa
Jakintzaren transferentziaren alde egindako lana nabarmendu du epaimahaiak. Moriren proiektuek adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartzen dute eta ezagutzaren emaitzak praktikara eramaten dituzte, gizarteak horien onura zuzenean jaso dezan. Haren jardunak erakusten du ikerketa ez dela zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitezkeela.
AAren transferentzia gizarteko hainbat eremutan gauzatzen ari da, eta aldi berean, jende askoren parte-hartzea eta aktibazioa sustatu du. Lan ildo horretan uztartzen ditu elkarlana eta hausnarketa, formazioa eta aplikazio praktikoak, teknologia arduratsua eta irisgarria garatzeko asmoz.
Epaimahaiak azpimarratu du Adimen Artifiziala: nondik, nola eta zertarako? galderari heltzen diola, eta gizarte digital hobe baterako bideak aztertzen dituela, ikuspegi justu, arduratsu eta irisgarri batetik; eta espero daitekeela etorkizuneko eragin positiboa izango duten prozesuen hasiera izatea bere lana, ikuspegi sozial eta kolaboratibotik abiatuta, betiere genero ikuspegia eta elkarlana oinarri hartuta.