70 pilotarik parte hartuko dute aurten emakumezkoen Hiru Hiriburuak pilota txapelketan
Donostia, Bilbo eta Gasteizko udalek eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako txapelketa hilaren 27an hasiko dute.

Donostia, Bilbo eta Gasteizko udaletako Kirol zinegotziek eta jaurlaritzako kirol zuzendari Gorka Iturriagak aurkeztu zuten atzo Bilboko udaletxean Hiru Hiriburuak pilota txapelketa, “emakumezkoen pilotaren erakusleihoa”. Hilaren 27an ekingo diote Gasteizen eta finalak urriaren 12an jokatuko dituzte Atano III frontoian.
Txapelketa laugarrenez jokatuko dute eta hazten jarraitzen du: aurten 70 pilotari lehiatuko dira. Txapelketa irekia da eta parte hartu nahi izan duten emakume guztiek izan dute izena emateko aukera. Gainera, emakume bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitutako lehiaketa izan dezan, lau kategoriatan banatu dute: hasiberriak, gazteak, promesak eta eliteak, laurak ere pilota mistoarekin.
Elite kategoriari dagokionez, aurten zortzi bikotek hartuko dute parte: Etxegarai-Gaminde, Arrizabalaga-Bergara, Zabaleta-Mendizabal, Arraiza-Capellan, Ibarrola-Betegi, Salsamendi-Bertiz, Aldai-Erasun eta Uriarte-Perez. Zabaleta-Mendizabal bikoteak irabazi zuten 2024an.
Hilaren 27an pilota maratoi batekin ekingo diote. Bertan, kategoria guztietako aldez aurreko kanporatzeak jokatuko dituzte eta aurrera ateratzen direnek urriaren 5ean izango dute hurrengo hitzordua Bilboko Esperantza frontoian, emakumeen eskupilotarako kantxa berezi batean.