Big Bob Railroad bikoteak bere laugarren diskoa argitaratu du

Entzungai dago dagoeneko Big Bob Railroad blues eta folk bikote donostiarraren laugarren diskoa: IV. Lau abestiko lana da, berriki argitaratu zuten Mugi gaitezen singleak irekitzen duena. Diskoa plataforma digital nagusietan dago entzungai, hala nola, Bandcamp plataforman.
Taldeak berak sare sozialetan azaldu duenez, “soinu eta produkzio modernoago baten bila” joan dira IV lanarekin, betiere, euren bereizgarria den blues mardula alde batera utzi gabe.
Aitor Ibarguren gitarra eta perkusio jotzaileak eta Josu Etxeberria perkusio jotzaile eta abeslariak 2016an sortutako taldea da Big Bob Railroad, eta Mississippi ibaiko (AEB) deltako blues estiloa jotzen du bikoteak, euskarazko euren ukitu propioa emanez. 2018an argitaratu zuten euren lehenengo diskoa, Session I; 2019an bigarrena, Session II eta 2021ean hirugarrena, 1, 2, Swamp!.