'Igogailu batean amaitu zen mundua' antzezlana taularatuko dute Lugaritzen

AmaHiru antzerki konpainia donostiarrak bere azken antzezlana taularatuko du Donostian ostiral honetan, hilak 19: Igogailu batean amaitu zen mundua. Antiguako Lugaritz Kultur Etxean izango da emanaldia, 19:30ean, eta sarrerak Donostia Kulturaren webgunean zein kultur etxeko leihatilan daude salgai, 8 euroan. Obrak 2025eko Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiaren sorkuntza beka irabazi zuen, eta hiriko hainbat aretotan ikusi ahal izan zen.
Iñaki Cid aktore eta idazle donostiarra da lanaren egilea, baita aktoreetako bat ere, Eneritz Sanchezekin eta Iñigo Elosegirekin batera. Bestalde, Jon Ander Alonso da antzezlanaren zuzendaria, Javi Arbillaga ekoizlea eta Estitxu Veintemillas bideogile eta argazkilaria. Horrez gain, Eraginek egin ditu argiztapen lanak eta Cidek berak eta Naxker taldeak egin dute musika.
Konpainiak azaldu duenez, obraren izenean bertan antzezlanean gertatuko denaren “spoiler handia” dago: “Mundua amaitu da eta igogailu baten barruan harrapatu zaitu. Antzezlanaren izenean esaten da. Spoiler handia da. Baina lasai, gure antzezlan berriaren hasiera besterik ez da”.
Idoia eta Julen pertsonaiak igogailu batean esnatuko dira, ezer gogoratzen ez dutela: nola iritsi dira bertara? Zergatik ezin dira atera? Eskerrak igogailu konpainiako telefonistak laguntza bidali duen. Berehala aterako dituzte bertatik; berehala, edo antzezlanak irauten dituen 45 minutuetan. “Bitartean, jarri eroso eta pentsatu galdu duzun bizitza horretan. Mundua amaitu da. Orain bizitza berri bat zain duzu. Agian dena pikutara bidali behar genuen zerotik hasteko”, gaineratu du konpainiak.
Antzezlanarekin, hainbat galdera jarri nahi ditu mahai gainean AmaHiruk: “Bizi dugun bizitza benetan guk aukeratutakoa al da? Nola iristen gara nahi ez ditugun lanak, bikoteak, etxeak eta abar izatera? Adimen artifizialak langile guztiak ordezkatuko baditu, zergatik ez izan benetan erreala den norbait?”.