Lourdes Iriondori emango dio aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina

Aldundiak aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio abenduan Lourdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aintzatespen horrekin, euskaren biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean Iriondok egindako “lan mamitsu eta berritzaileari” justizia egin nahi dio aldundiak. “Gipuzkoak omenaldia egiten dio Lourdes Iriondori zor diogun guztiagatik, emakume sortzaile gisa urratutako bideagatik, eta justiziaz haren izena eta ondarea gure lurraldearen historian idatzita gera daitezen”, laburbildu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak sariaren berri emateko egindako agerraldian. Hilondoko bigarren Urrezko Domina izango da 2008an Mikel Laboa zenari emandakoaren ondoren.
Berasaluzek nabarmendu duenez, garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko “adorea” izan zuen Iriondok eta euskal kantagintzan eta haur literaturan ekarpen “aitzindaria” egin. Izan ere, donostiarra abeslaria, idazlea, irakaslea eta Ez dok amairu mugimendu abangoardistaren sortzaile eta kideetako bat izan zen. Bakarka, Xabier Lete bikotekidearekin eta beste hainbat artista handirekin 1960ko eta 1970eko hamarkadetan hainbat abesti sortu zituen “euskaltzaletasuna, herrigintza, kritika soziala eta politikoa” uztartuz.
Ondoren etorri diren emakume musikari eta kulturgileentzat “bidea urratu” eta berdintasunaren ikuspegitik ere ibilbide aitzindaria izan zuela ere gogoratu du Berasaluzek; gizarte hertsi batean emakume sortzaileak plazaren erdigunean kokatzeko “ausardia eta gaitasuna” izan baitzuen eta “irudi ikonikotzat” jo du Iriondo bera plazan gitarra jotzen.
Horrez gain, Iriondok ekarpen oparo eta aitzindaria egin zuen haur literaturan ere, eta hainbat aditu eta jakitunen esanetan, mugarri izan zen euskararen transmisioa belaunaldi berrietara zabaltzeko ahaleginean. Bizitza osoan Euskal Herriarekin, euskararekin, haurrekin eta gazteekin zein bere gertuko komunitatearekin konprometitutako pertsona izan zen.