Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak erretzeari uzten laguntzeko saioak antolatuko ditu

Irailean hasiko dira tabakoa erretzeari uzteko taldeak. Ekimen hori Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzio arloak antolatu du, eta tabakismoan aditua den psikologo batek eskainiko du. Doako terapia honek % 60ko arrakasta-tasa duela ziurtatzen du elkarteak.
Terapia online edo presentzialki jasotzeko aukera dago. Arreta ahalik eta gehien pertsonalizatzeko, aldez aurretik elkarrizketa bat egingo da pertsona bakoitzaren erretzeari uzteko modurik onena baloratzeko. Terapia hori eskaintzen zaie bai ohitura hori utzi nahi duten pazienteei, bai herritar guztiei, eta taldean zein banaka egin ahal izango da.
Tailer presentzialak Minbiziaren Aurka Gipuzkoan-ek Donostian duen egoitzan egingo dira (Bartzelona hiribidea 6, Loiolako Erriberak) eta izena emateko epea irailaren 21ean amaituko da.
Izen-ematea eta informazioa
Pertsona bakoitzaren egoera eta arreta desberdina denez, elkarteak arreta zuzena eta pertsonalizatua eskaini nahi dio paziente bakoitzari. https://www.contraelcancer.es/es/tabakoari-agur webgunean kontsulta daitezke terapia honen ordutegiak eta zehaztapenak.
Maider Sierra, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzio psikologoaren arabera, “prebentzioaren arloan, minbizia garatzeko aukerak murriztea da gure helburua”.