Patxi Lago eta Txus Orcajo loiolatarrak izango dira Mikologia Jardunaldietako ikastaroko irakasleak, estreinakoz

Egitarau oparoa ondu dute, beste urte batez, Loiolatarra Kirol Elkarteak eta Loiolako Kultur Etxeak, eta hala azaldu dute gaur elkartean egindako Mikologia Jardunaldien aurtengo aldiko aurkezpenean. Onddoei lotutako gastronomia ikastaroak eta tailerrak, erakusketak… eta garrantzitsuena: perretxiko festa. Urriaren 5ean izango da azken hau, Loiolako Latsarien plazan.
Berritasun ugari edukiko dituzte aurten, eta horien artean, Patxi Lago ‘Titin‘ eta Txus Orcajo izango direla mikologia ikastaroko zuzendari eta irakasleak. Orain arte, Daniel Palacios mikologoaren esku zegoen ikastaro hori, baina iritsi da aldatzeko garaia: “Uste dugu Loiolakook garatu behar dugula hau; oso prestatuta gaude 25 urteren ostean”, azaldu du Titinek. Mikologia gastronomikorako hastapen kurtso bat izango da: “Ez diegu burua kontu teknikoekin bete nahi; oinarrizkoena erakutsiko diegu, benetan baliogarria izan dadin. Onddo bat jangarria den edo ez nola identifikatu, adibidez”, esplikatu du Orcajok.
26. edizioa da aurtengoa, eta dena asko aldatu dela aitortu dute; gehien bat, edukian: “Lehen afari mikologikoak egiten genituen jasotako onddoekin; gaur egun, ordea, ez dago hainbesterako materialik”, esan du Orcajok. Auzoaren interesa, eta, orokorrean, hurbiltzen den jendea gehiago da orain, eta horretan ere oso nabaria da aldaketa.
Egitarau oparoa
Hilaren 2an hasi ziren jardunaldiak, eta urriaren 5ean amaituko dira, urteroko egun galduezina den perretxiko festarekin.
Orain, Josean Ruiz Santana eskultorearen erakusketa bat dago ikusgai Loiolako Kultur Etxean; Ruizek motozerraz zizelkatzen du egurra, honi onddo forma emanez. Loiolakoa da izatez, eta horregatik ere, lekua eman nahi izan diote aurtengo egitarauan. Urriaren 17ra arte egongo da publikoari zabalik erakusketa.
Hilaren 25ean hasiko da mikologia ikastaroa Loiolatarran, eta urriaren 2ra arte luzatuko da. Hogei pertsonek hartuko dute parte (ez dago gehiagorako lekurik) eta izen ematea zabaldu eta berehala amaitu ziren plaza guztiak. Bertan, onddoak beste modu batera erabiltzeko aukerak ere erakutsiko zaizkie ikasleei.
Jorge Bustamante Basque Culinary Centerreko chefak, sukaldaritza tailer bat eskainiko du Loiolatarra, urriaren 3an. Tailer hori irekia izango da, eta sukaldaritza zuzenean ikusteaz aparte, sukaldatutakoa probatzeko aukera emango du Bustamantek. Noski, onddoekin egindako sukaldaritza izango da.
Azkenik, asteburu horretan bertan hartutako perretxiko guztiak sailkatuko dituzte elkartean, urriaren 4ean, hurrengo eguneko perretxiko festako erakusketarako.