Saihesbidearen azpiko Loiolako aparkalekua mugatuta egongo da astelehenetik

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, astelehenetik aurrera (hilak 22), mugatu egingo dute GI-20 saihesbidearen azpiko Loiolako aparkalekua, baita Ur Kirolak klubaren ondoko biribilguneko sarbidea itxi ere.
Orain arte aparkaleku horren zati bat erabili izan da zerbitzuan jarri berri den Lorategi Hiria kalearen eraikuntzan erabili den material guztia biltzeko. “Orain obra-fase berri bat hasiko da, aparkaleku hori erabat berritzeko, aparkalekuak berrantolatzeko eta auzorako sarbide berrietara egokitzeko”, azaldu du Juantxo Marrero Obra eta Proiektuetako zinegotziak.
Lan horiek zelaigunearen bi heren inguru hartuko dituzte, Ur Kirolak-eko biribilgunearen ingurutik Loiolako zeharbideraino. “Lanak amaitu eta aparkaleku berria prestatu ondoren, orain libre geratzen den eremuan hasiko dira lanak, eta hor kirol pista bat eta berdeguneak sortzea aurreikusten da”, gaineratu du zinegotziak.