Zer plan asteburu honetarako Donostian?

Astebururako plan bila bazabiltza, denbora aprobetxatzeko aukerarik ez zaizu faltatuko Donostian. Alde batetik, ez ahaztu bihar (hilak 19) hasiko dela 73. Zinemaldia —hemen daukazu egitaraua—. Bestetik, ez ahaztu, ezta ere, Egiako Porrontxo jaiak gaur hasiko direla eta ez dutela etenik izango igandera arte —egitaraua, hemen—, jaietan murgilduko direla ostiraletik aurrera, baita ere, Loiolako Erriberan eta Aieteko jaiek aurrera jarraitzen dutela. Horrez guztiaz gain, gure agendan askotariko jarduerak aurkituko dituzue, eta egun bakoitzeko bestelako proposamen bat aurkituko duzu jarraian.
Ostiralean (hilak 19), euskal antzerkiaz disfrutatzeko aukera duzu Lugaritz Kultur Etxean. Izan ere, AmaHiru konpainiak Igogailu batean amaitu zen mundua antzezlana taularatuko du bertan 19:30ean. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean zein kultur etxeko leihatilan daude salgai, 8 euroan.
Larunbatean (hilak 20), Zinemaldi Alternatiboko film bat gomendatuko dizugu, baina ez ahaztu askoz film gehiago proiektatuko dituztela egunotan; hemen egitaraua. Larunbatean, Herrialde Katalanetako hainbat gizarte eragiletan infiltratutako polizien kasuen inguruko Infiltrats dokumentala proiektatuko dute Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, eta, gainera, ikusleek infiltrazio kasu berrienak azaleratu dituzten ikerketak ezagutzeko aukera izango dute La Directa egunkariko kazetarien eskutik.
Azkenik, igandean (hilak 21), asteburua ondo bukatzeko, Altxerrira joatea proposatzen dizugu, Iker Piris & His Dual Electras taldearen blues kontzertua ikustera. 19:30ean hasi eta 22:00etan amaituko da