Arrantzaren sektorea ezagutzeko aukera eskainiko du Kofradia Itsas Etxeak

Arrantza ikustera goaz! proiektua jarri du martxan Kofradia-Itsas Etxeak, euskal artisau arrantza gertutik ezagutzeko helburuarekin. Proiektua gazteei zein helduei dago zuzenduta, Izan Arrantzale programaren baitan baitago; horrek, arrantzaren sektorean belaunaldien arteko erreleboa lantzen du.
Donostiako badian nabigatuko dute parte hartzaileek, Aitona Julian IV ontzian. Bertan, baxurako arrantza zuzenean ikusi ahal izango dute, tradizonalki egin ohi den bezala: tretzaz. Itsasoko espezieak bereizten ere ikasiko dute, besteak beste.
Miren Garmendia OPEGUIko zuzendari eta Kofradia-Itsas Etxea proiektuaren sustatzailearentzat, “plazer bat” da horrelako proiektuak bultzatzea; izan ere, bere ustez, “proiektu hauek dira arrantza tradizioari balioa ematen diotenak”. Gazteak sektorera hurbiltzea ere garrantzitsutzat du Garmendiak.
Proba pilotua
Lehen proba bat egin zuten larunbatean, hilak 20, eta kofradiazaleak bildu ziren bertan; enpresak eta elkarteak, edota lagun eta senitartekoak, esaterako. 10:00etan eman zioten hasiera espedizioari, eta bi orduz egon ziren itsasoan barrena. Arrantza zuzenean ikusteaz gain, itsas-ingurunearen, ingurumenaren eta kostaldeko espezieen garrantzia azpimarratu diete, eta itsasoko bizimoduari buruzko pasadizoak entzuten ibili dira.
Antolatzaileek diotenez, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako dago zuzenduta printzipioz, baina urtean hainbat aldiz publiko guztiari zabaltzeko aukera aztertzen ari dira.