Zinemaldi baten bitakora: hirugarren alea

Angelina Jolieren kazkabarrak hartu zuen hiria. A ze murgildua uretan Donostiak. Izar amerikarrak suposatutakoa alde batera utzita, eta asteburutan ohikoa den bisitari andanarekin, igande mugitua aurkezten zitzaigun goizaren lehen orduetan. Dozena bat pelikula ikusiak dituenean batek, lehen haien pertsonaiak ere ezabatzen hasten zaizkio buruari. Pelikula frantses hartan agertzen zen emakume heldua, nola zen, Elena ala Marta? Benetan ukitu eta ileak uzkurtzen dizkizunarekin gelditzea da gakoa. Erakusleiho erraldoia da Zinemaldia eta ugari dute saltzeko denden jabeek. Estilizatuko zaituen soinekoa, kitzikagarria zaizun arropa intimoa ala erabat modaz pasea dagoen bolantedun gona itsusia. Gustu zenbait, proposamen hainbat. Eta moda kontuak erabiltzea otu zaidanez, goazen eguneko lehen pelikulari buruz zertxobait aipatzera. Jolie bera protagonista eta ekoizle duen Couture.
Errodaje batean filmatzeko moduko mundua iruditzen zait jantziteria gorenarena. Diziplina, modeloen arteko lehia lurperatua, diruaren eta boterearen geruza beti gertukoa. Jolieren filmean, beraren eta beste bi emakumeren bizitzak aurkezten zaizkigu. Atzokoan Kursaal aurreko alfonbra jendez bete zuenak, zine zuzendari dibortziatuaren rola jokatzen du. Bada modaren munduan lehen pausoak eman nahian dabilen 18 urteko neskatxa bat eta idazle bihurtzeko ametsa duen makillatzaile bat ere. Norbera bere gatazkekin, istorioak bidea nola urratzen duten erakutsi nahi zaigu. Jolieri minbizia duela aipatzen diote Parisen gauzatzen den filmaketa betean denean. Nerabeak ez du bere lekua topatzen arrotza zaion giroan eta makillaje lanetan arituak, bere bizitzari 180 graduko bira eman nahiko lioke. Planteamendua eta pertsonaien aurkezpena ezta txarra hasiera batean. Baina siesta garaiko zinta hutsal batean bilakatzen da pelikula metrajeak aurrera egin ahala. Sakontasun eza, hiru istorioen arteko salto merkeak. Funts handirik gabe, minutu asko galduak. Aipagarriena Jolieren beraren lana dela esango nuke. Duina eta emakume xarmantaren klixetik aldendua.
Usain berezia zuen asteko azken egun honek. Jolieren presentziagatik, batzuentzat. Baina orain teklak zanpatzen dituenarentzat euskarazko bi sorkuntza ikusi ahal izateak bilakatzen zuen espezial hirugarren egun hau. Lehen sartu-irtena Antzoki Zaharrean. Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak duela zenbait urte ondutako Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritzen den Karmele filma genuen han zain. Hobeki esanda, eta aipamen berezia egin nahiko nioke, proiekzio ugaritan Marisa Paredesen argazki itzela izan ohi dugu zain. Enigmatikoa, hipnotikoa, artistikoa erabat. Karteltzarra aurtengoa. Behin hau esanda, Asier Altunarena. Fina eta elegante begitandu zitzaidan pantailan ikusi nuen oro. Emakume baten istorio baino –izenburuan egin dute kale– herri oso baten zauriei erreparatzen die. Ez dago oso esplotatua euskal diasporaren kontua fikzioan. Are gutxiago Eresoinka taldeak suposatu zuena. Agirre lehendakariari jendeak zion begirunea, aspirazio nazionalari erbestean heltzeko nahia. Hamarkada pasatxoan –36ko gerra betetik 1950eko hamarkada hasierara–, gauza ugari gertatu ziren munduan eta Euskal Herrian, noski.
Zinemaldiaren hirugarren egunak emandakoak:
— Ignacio Arakistain (@ignacio_arakis) September 22, 2025
Couture | Alice Winocour
Sail Ofiziala#73SSIFF | @irutxulo https://t.co/jA6JyZ1QBN
Karmele Urresti eta Txomin Letamendi ditu pelikulak protagonista. Biek arestian aipaturiko talde kulturalean ezagutzen dute elkar. Gabriel Olaizolaren lanak, Pablo Sorozabalen musika, euskal dantzen hedapena, jantziteria. Mauka handia dago talde horrek suposatu zuena esploratzean. Identitate bat esportatzeko desira, herrian latz mespretxatzen zenari heltzekoa. Bikoteak Venezuelara egiten du ihes eta urte zoragarriak bizi dituzte han, bata tronpeta jole gisa eta bestea ospitale batean lanean. Bigarren Mundu Guda amaitzear, garaiko Eusko Jaurlaritzak konbentzituta, sorterrira bueltatzea erabakitzen dute, Francori azken hozkada emateko ilusioz. Amerikarrek Agirreri eginiko promesak, azken honen New Yorkeko estantzia. Gai ezin interesgarriagoak. Pelikula ilundu egiten da –argi kontraste aparta Venezuela eta Bizkaiaren artean– bikotea etxera itzultzearekin batera. Pobrezia, jazarpena, begirada arrotzak. Ilun dago Euskal Herria. Kolokan ditu bere kultura eta hizkuntza. Guztia galduta dagoela dirudienean, kinka larria: familia ala herria. Militantzia ala giza biziraupena.
Jantziteria bikainak, lokalizazioen aukeraketa kalitatezkoak eta istorioaren beraren garrantzi nazionalak, zinta bikain bilakatzen dute Altunarena. Euskaldun orok errebisatu beharko lukeen izenburua, ezbairik gabe. Hasia zen ordurako –Jolie bere ezkutalekutik ateratzear– sekulako euri jasa Urumea altzoan. Lanak, euri eta haize gaindituz, zubiaren beste aldera iristen. Dena zinemagatik, aizue. Perlak saileko Amélie et la métaphysique des tubes oraingoan. Animaziozkoa berau. Eskertzen da noizean behin tonu eta estilo aldaketa bat. Jainkoa dela esaten digun bi urteko neskatxa belgikar baten umore inozentea du ardatz filmak. Japonian aurkitzen da, bere aitaren lan kontuak tarteko. Bere zaintzailea denarekin ezartzen duen harremana du gustuko, bera baita esaten duena ulertzen duen bakarra. Galdera transzendenteak mozorrotzen ditu umorez, publikoaren saria irabazteko puntuaziorik altuenetarikoa duen piezak. Bizia, pentsarazten dizuna, koloretsua eta sentiberatasun punttuarekin. Gomendagarria, bai horixe.
Urakan ponponsoa alfonbra urez zipriztindutik jada pasata, gaueko hamarretako sesioa erreserbatua zion Zinemaldiak etxeko jokalariei. Urrezko urtea izan daiteke honakoa Moriartitarrentzat. Lehen danborra, orain maskorra? Ikusiko da, baina dudarik gabe pelikula ausarta egin dute oraingoan Loreak edota Handia-ren sortzaileek. Maspalomas lanak, Jose Ramon Soroizek bikainki –honi bai maskorra, arren– antzezten duen edadean sarturiko homosexualaren istorioa kontatzen digu. Armairu anitzen kontakizun aparta. Ez baita soilik Bixente pertsonaiaren entzierro pertsonala kontatzen, gaixoaldi batek Kanaria uharteak uztera behartzen duenean; inkomunikazioaren gaia presente dago une oro. Nagore Aranbururen alaba lakarrak, zeinak 25 urtean erlaziorik ez duen izan aitarekin eta orain bere kargu egin behar duen, edota Iñaki laguntzailearekin Bixentek erakutsitako jarrerak plazaratu egiten dute hoztasun gizatiar bat. Zahartzaroa bizitzeko moduak, adineko zentroen dinamikak, sexua helduaroan eta beste hainbat gai mamitsu. Guztia, lortuak ditugun eskubideak nolako erraz galdu litezkeen hausnartzeko. Bixentek berriro ezkutatu behar du bere burua, Maspalomasko burbuila bera ezkutaleku erraldoi bat izango ez balitz bezala.
Lehen zatian agertzen diren sexu esplizituko eszenek balentria eta zineman ohikoa ez zaigun gizonen arteko intimitatea azaleratzeko balio dute. Jolieren titiak eta beste hainbat aktorerenak jada festibalean ikusita izanda, galdetzen dio batek bere buruari zergatik zaion hain arrotza zakil baten irudia fikzio ohikoari. Soroiz izugarri dago. Hitz egiten duenean baino, hitzik ateratzen ez zaionean gehiago. Bere begirada bakoitzak erakusten dizkigu bizitza zartatu baten zantzuak. Kandido Uranga ere itzel, antagonistaren paper bikainean. Gizartearen isla ere bada berau, den aurreiritzien ispilu. Ez ote dugu guztiok gainetik kendu beharreko hauts pixka bat soinean?