Autobus geltokiko kafetegia lekualdatzea aztertzen ari dira
Eneko Goia alkateak aurreratu duenez, leku horretan bidaiarientzako itxaroteko gela bat jartzea aurreikusten dute.

Donostiako autobus geltokia “txiki” geratu dela adierazi zuen pasa den astean Eneko Goia alkateak, jardunaldi batean. Horrela, Donostiako Udala geltokia handitzeko aukerak aztertzen ari dela gaineratu zuen. Gaur, berriz, xehetasun gehiago eman ditu Goiak, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian.
Esaterako, geltokiko kafetegia lekualdatzeko asmoaren berri eman du. Zehazki, Maria Kristina zubitik Egiako pasabidera sartzeko bidearen ezkerraldera mugituko lukete. Kafetegiak lur azpian jarraituko luke. Establezimenduak utzitako lekuan, berriz, bidaiarientzako itxaroteko gela bat jartzea aurreikusten dutela esan du alkateak.