Bere bigarren brontzea lortu du Nahia Zudairek Singapurren
Nahia Zudaire igerilaria, Singapurren lortutako bigarren brontzeko dominarekin.Basque Team Nahia Zudaire igerilari donostiarra Singapurko Igeriketa Paralinpiarreko Munduko Txapelketako bular estiloko ehun metroko proban lehiatu da gaur (hilak 23), eta hirugarren gelditu da, podiumera brontzezko dominarekin igoz. Zudairek txapelketan lortu duen bigarren domina da, igandean ere brontzezko domina erdietsi baitzuen, estilo libreko 400 metroko proban.
1:33.87 minutuko denbora eginda lortu du Zubietakoak bigarren domina hori, Mariia Pavlova errusiarraren (1:24.51, munduko errekor berria) eta Iona Winnifrith britainiarraren atzetik (1:26.57). Ondo aritu ohi da Zudaire proba horretan, Parisko Jokoetan (2024) diploma paralinpiar bat eta Manchesterreko Munduko Txapelketan (2023) eta Funchaleko Europako Txapelketan (2024) brontze bana eskuratu baitzituen, baita ere.
Bestalde, Iñigo Llopis igerilari donostiarrak tximeleta estiloko 100 metroko proba jokatu du gaur S8 kategorian, eta zortzigarren postuan amaitu du, 1:07.43ko markarekin. Ting Li txinatarrak (1:02.12), Alberto Amodeo italiarrak (1:02.87) eta Eduard Horodianyn ukrainarrak (1:03.36) osatu duten podiumeko postuetatik urrun gelditu da.


