'Denbor-bor' festa, bizitza erdigunean jarriko duen denbora egitura baten alde
Saretuz elkarteak 'Denbor-bor' festa antolatu du larunbat goizean (hilak 27) Uliako Mintegietako parkean, disfrutatzeko eta egungo denbora ereduaz eta kontsumo arduratsuaz hausnartzeko.

Kontsumo arduratsua da Saretuz elkartearen lan eta hausnarketa ildo nagusia, duela hamabost urte baino gehiago sortu zenetik: “Bi helbururekin sortu genuen Saretuz: kontsumo arduratsuaren inguruan lan egiten dugun Donostiako elkarteek elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko batetik, eta donostiarren artean kontsumo arduratsua ezagutzera emateko eta bultzatzeko bestetik”, azaldu du elkarteko kide Xabier Martinezek.
Hori oinarri hartuta, kontsumo arduratsuarekin lotura duen gai desberdin bat aukeratzen dute urtero, horren inguruan hausnartzeko eta lanketa egiteko. Horrela, aurten, denbora da gai hori, Maitane Cabeza kideak nabarmendu duenez: “Biorritmo naturaletik apur bat deskonektatuta gaudela uste dugu, eta, horri buelta emateko, denbora da aurtengo lan ildoa. Denbora artifizialki diseinatu dugun zerbait da, naturaren denborak eta zikloak kontuan hartu gabe”.
Gaineratu duenez, “sistemak denbora jakin batzuk ezarri ditu, sistemari berari mesede egiten diotenak, lana jarriz denboraren erdigunean. Denbora egitura horretara egokitu behar dugu denok, horrek dakarren kostu fisiko eta emozionalarekin”. Aldiz, Saretuz elkartean argi dute zerk izan behar duen denboraren erdigunea: “Guk defendatzen dugu erdigunean bizitza jartzea. Horretarako, agian, denboraren diseinua aldatu behar da, zaintzari, sormenari eta geure buruari, besteak beste, espazioa emateko”.
Festa, Ulian
Ildo horretatik, hainbat hausnarketa prozesu bideratu dituzte urte osoan zehar, eta herritar guztientzat irekia den festa antolatu dute larunbat honetarako, hilaren 27rako, Uliako Mintegietako parkean, 11:00etatik 14:00etara: “Festa moduko bat izatea nahi dugu, goiz pasa atsegin bat, lasai egoteko; parkeak berak ere ematen du horretarako aukera. Irekia da, bakarrik joateko, lagunekin, haurrekin…”, nabarmendu dute Saretuzeko kideek.
Hainbat ikastaro eta jarduera antolatu dituzte festan: baratze agroekologikoaren ikastaroa, naturarekin aliantza bat sortuko duen kontsumo eta nekazaritza eredu bat sustatzeko; haurrentzako yoga saioa, “txikitatik geure burua zaintzen ikasteko” —lehenengo bi horietan, izena eman behar da, Saretuzen webgunearen, Instagramaren edo helbide elektronikoaren bidez—; Aiora Urbietaren Geure gorputzean eta etxean burujabe liburuaren aurkezpena; “ezer ez egiteko txokoa”, ezer egin gabe egoten ikasteko eta bizikletan mantsoen ibiltzen dena sarituko duen lehiaketa, “ohiko lasterketa eta lehiaketa ereduei buelta emateko”. Hori guztia, egunaz disfrutatzeko eta, aldi berean, denbora beste moduan bizitzen hasteko.