Gipuzkoako erresidentzietako langileek beste hiru greba egun egingo dituzte aste honetan

ELA sindikatuak deituta, beste hiru greba egun egingo dituzte Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek aste honetan, asteazkenetik ostiralera (hilak 24tik 26ra). %100eko lan kontratuak eskatuko dituzte, baita soldata arrakalarekin amaitzeko eskatu ere; LAB sindikatuak deialdia babestu du, baita ere. Sei greba egun egin dituzte hitzarmenaren borrokan dagoeneko.
ELAren arabera, “borondatezkoak ez diren lan kontratu partzialak nagusitzen dira Gipuzkoako erresidentzietan eta eguneko zentroetan”, eta sektore horretako kontratu berrien artean “salbuespena da %100eko lan jarduna duten kontratuak egitea, lan karga berdina izanagatik ere”. Horrez gain, sindikatuak salatu du azpikontratatutako langileen kasuan, kontratu partzialak %45 direla, eta datua “are okerragoa” dela Gipuzkoako Foru Aldundiarenak diren egoitzetako datuei erreparatuta: “Aldundiak 65 bat egoitza ditu itunduta, 5.000 bat langilek dihardute lanean, gehien-gehienak emakumeak. 65 egoitza horietatik hamazazpi bereak ditu; hau da, egoitza publikoak dira, nahiz eta langile gehienak azpikontratatuak dauden. Bada, zerbitzu horiek lizitatzeko atera dituen azken bederatzi pleguetako informazio publikoa aztertu du sindikatuak, eta ondorioztatu du langileen %55ak kontratu partziala duela”.
Horrela, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiari eskatuko diote datozen aurrekontuetako eztabaidan “gaia erdigunean” jar dezala: “ELAk uste du aldundiak lidergoa hartu behar duela egoera horrekin amaitzeko. Uda aurretik gaia batzar nagusietan aztertu zuen sindikatuak, baita Maite Peña diputatuarekin ere. Enplegu duina eta soldata arrakalarekin amaitzeko baliabideak bideratu behar dira, eta ELAk borrokan jarraituko du hori lortzeko”, nabarmendu du sindikatuak.
Duintasunaren babesa
Langileen greba deialdia babestu du Duintasuna Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteak, “egoera jasanezina” delako: “Adinekoen zaintzak ezin du jarraitu erosotasun instituzionala eta enpresa onura egoiliar eta profesionalen duintasunaren aurretik jartzen dituzten erabaki politikoen mende. Batzuek aberastasuna pilatzen dute eta beste batzuek enplegu prekarioekin irauten dute, baina benetan sufritzen dutenak gure adinekoak dira, merezi duten arreta bero eta kalitatezkoa jasotzen ez dutenak”.
Ildo horretatik, “berehalako aurrerapausoa ematea” eskatu du Duintasunak, “langileen lan baldintzak hobetzeko eta, aldi berean, egoitza guztietan giza arreta eta arreta nahikoa bermatzeko”. “Ez dago aitzakia gehiagorik. Gure adinekoek errespetua merezi dute, ez adabakiak, ez bete gabeko promesak”, gehitu dute.