Kontxako baranda berritzeko espaloia moztuko dute

Donostiako Udalak Kontxako baranda konpondu eta handitzeko proiektuaren II-C faseari ekin dio. Proiektu hori Errege Etxolaren eta Antiguako tunelaren arteko tarteari dagokio. Hori dela eta, ostegunetik aurrera, aldamioa erabat instalatuta dagoenean, espaloi osoa okupatuta egongo da, eta oinezkoak eta txirrindulariak ondoko bizikleta erreira desbideratuko dira behin-behinean, haien segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko.
Azken fase honek 937.431,38 euroko aurrekontua du (BEZa barne), eta 500.000 euroko diru laguntza jaso du Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren eskutik.
130 metro luzeko zati batean egingo da jarduketa, eta lan hauek egingo dira: kostaldeko botaola horma konpontzea, eta hainbat elementu ordeztea, adibidez apaindurazko kareharrizko zintarriko 120 metro; harrizko 28 horma bular, burdinurtu apaingarriko hiru farola eta metalezko barandaren 28 zati. Zuinketa akta apirilaren 28an sinatu zen. Lanak irailaren 15ean hasi ziren ofizialki, eta aurreikuspenen arabera, abenduaren 30erako amaituko dira.
“Azken etapa honekin errematatzen ditugu gure kostaldeko ikono honen birgaitze lanak. Proiektu zorrotza izan da, baina funtsezkoa segurtasuna indartzeko, estetika historikoa zaintzeko eta donostiarrek eta bisitariek pasealeku zaindua eta irisgarria izango dutela ziurtatzeko”, azaldu du Ane Oiarbide bigarren alkateordeak.