Palestinaren aldeko manifestaziora deitu dute asteazkenerako, ehunka zinemagileren babesarekin
Palestinaren aldeko agerraldia egin zuten astelehenean Viktoria Eugenia antzokiaren atarian, Zinemaldiaren testuinguruan.EITB Euskal Aktoreen Batasunak eta Euskal Herria-Palestina elkartasun batzordeak agerraldia egin zuten atzo (hilak 22) Viktoria Eugenia antzokiaren atarian, Zinemaldiaren bueltan, Israel herri palestinarraren aurka gauzatzen ari den genozidioa salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko. Hain zuzen ere, Cinema with Palestina plataformarekin bat egin, eta Palestinaren aldeko manifestaziora deitu zuten biharko, hilaren 24rako; 18:30ean abiatuko da mobilizazioa, Okendo plazatik. Donostiako herritarrak parte hartzera deitu dituzte, “herri baten izenean giza eskubideak bete daitezen exijitzea dagokigulako”.
Plataforma horrek estatu sionistaren aurkako salaketa publikoa egin zuen, eta zineman aritzen diren beste 350 pertsona batu zaizkio, Euskal Aktoreen Batasunak agerraldian azaldu zuenez. “Zinemagileoi ere lerratzea dagokigu, eta batu egingo gara Palestinaren aldeko olatura”, nabarmendu zuen hizlarietako batek. Era berean, Zinemaldiari eskerrak eman zizkioten Palestinaren aldeko ahotsa goratzeagatik.
Gogoratu behar da Israelek 60.000 palestinarretik gora hil dituela 2023ko urritik hona, tartean 20.000 haur baino gehiago. Hain zuzen ere, Hind Rajab 6 urteko haurra gogoratu zuten agerraldian sionisten armadak joan den urteko urtarrilean hildakoa. Rajabek Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuetara deitu zuen Rajabek, auto baten barruan bere familiako hildako sei kiderekin beldurtuta zegoela eta, laguntza eskatzeko. Israelgo armadak, ordea, ez zion larrialdi zerbitzuari hara iristen utzi, eta, azkenean, haurra ere hil egin zen: “Palestinaren memoria da Rajab, zoritxarrez, ez baita kasu bakan bat izan”.
Rajaben heriotzaren inguruko The Voice of Hind Rajab filma proiektatuko dute Zinemaldian asteazkenean, hain justu. Horrela, manifestazioa Okendo plazatik abiatuko da 18:30ean eta Viktoria Eugenia antzokian egingo du lehenengo geldialdia, orduan amaituko baita proiekzioa; ikusleak atera arte itxarongo dute manifestariek. Handik, Kursaaleko zubia gurutzatu, Zurriolan bueltan eman eta Bulebarrean bukatuko dute mobilizazioa. Bertan, Sol Band talde palestinarrak kontzertu laburra eskainiko du eta batzordeko kideek irakurketa egingo dute.


