Zinemaldi baten bitakora: laugarren alea

Festibalaren ekuatorea ortzi mugan, astelehen buruzuriak lau film jarriko zizkidan begien aurrean. Egunotan xurgatutakoaren zerrenda handitzen ari zaio bati. Nahiko genuke askotan, zineman ikusia hitzetara iraultzen ari garen horiek, libreta moduko batean apuntatu proiekzio orok eskaintzen diguna. Esaldi konkretuak, plano liluragarriak, kamera mugitzeko modu berritzaileak. Ezagutza prozesu baten baitan gabiltza dantzan. Aurreiritziak ezbaian jarriz etengabean. Zioen aurrekoan Aitor Arregik, sinesten duela zinemaren botere eraldatzailean. Bi ordu eskainiz gero, aldatu diezazukeela zure pentsaeraren ertzen bat zazpigarren arte deituak. Neuk ere Arregiren hitzak partekatzen ditut, eta uste dut egunotan hemendik dabilen jendetzak ere demostratzen duela hori. Pena izaten da fokuak itzaltzen direnerako, zinema aretoek hustuketa nabarmena jasaten dutela. Pentsarazi bai, baina ez gehiegi. Bizitza propioa zalantzan jartzea ez da izaten esperientzia atseginena ugaritan.
Eguneko lehen pelikulak, dokumental bat kasurako, Antonio Gonzalez Flores abeslari eta konposatzaile ezagunaren bizitza aurkeztu zigun. Alba Flores alabak, azken urteotan aktore lanetan son handia hartua berau, bere aitaren heriotzaz gero ireki ez duen kutxa zabaldu nahi du, denok familiarrak ditugun pertsonen laguntzaz. Lola Flores, mito kutsuko izar folklorikoa, matriarka duen saga batean jaiotzeak erabat markatzen du bat. Bizitza arruntetik at, Ava Gardnerren gisako figurak zure etxean bueltaka ikusteak piztu beharra dio derrigor bati duende artistikoa. Berezitasun familiar horiei helduz, Lolita eta Rosario arreben istorioa ere kontatzen du Isaki Lacuesta eta Elena Ortegak zuzendutako lanak. Erretratu zabala egiten zaio No dudaría edo Siete vidas kanten sortzaileari. Beronek collageak egiten zuen afizio imitatuz, narratibak elkarrizketak, ilustrazio biziak eta artxiboan gordetako garaiko dokumentuak nahasten ditu. Aktore gisa eginiko lana –Eloy de la Iglesiaren Colegas, esaterako–, grabatutako diskoen nondik norakoak eta bere amarenganako zuen debozioa, droga adikzioaren geruza beti presentearekin konbinatzen da. Alabak aita zuenaren autopsia irakurtzen duen momentua, hunkigarria. Musika onez blaitua eta ikusteko oso atsegina.
La Grazia, Paolo Sorrentino sarituaren azken pieza, Zinemaldian ikusmin handiena sortu duenetarikoa izan da. Viktoria Eugenian berriro ere, sabaia atontzen duen lanpara zerutarrari begira. Margo kuriosoak ditu aldamenetan, nobleziaren ispilu, baina inudeen eta artzainen baten presentziarekin ere. Jakingo ote zuen margotzen aritu zenak non zen. Pertzepzioa lantzea, kontenplazioa. Hor ere gogor aritzen gara. Sorrentinok, bere estilo eleganteari helduz, politikaren munduari egiten dio so. Ohituta gaude ustelkeriari eta politikaren alde zikinari erreparatzen dioten pelikulak ikustera. Baina, kasu honetan, boterean bere azken egunak bizi dituen Toni Servillok interpretatutako presidentea dugu protagonista. Interpretazio zurruna, hertsia eta kalitate gorenekoa. Bere agintaldiari buruzko balantzea baino, bizitzari buruzko gogoeta mamitsua planteatzen digu zinemagile italiarrak. Egiaren bilaketarekin obsesionatuta dagoenari, likidoa eta inperfektua den errealitateak eskuetatik alde egiten diola frogatzea ederra da. Estatu gizonaren atzean ezkutatzen baita aita absente bat, alargun kolpatu bat eta lagun mesfidatia. Kamera jartzeko modu fina du italiarrak, plano latzak oparituz ikuslegoari. “Ez gara izan inteligenteak, eleganteak baizik”. Itxurak mantentzea ere eskertzen da.
Zinemaldiaren laugarren egunak emandakoak:
— Ignacio Arakistain (@ignacio_arakis) September 23, 2025
Flores para Antonio | Elena Molina, Isaki Lacuesta
Sail Ofiziala (Proiekzio bereziak)#73SSIFF | @irutxulo https://t.co/1SYPuuteQX
Benetan oparoa izan zen, beraz, ibai alboan 1912an eraiki zen antzokian edukitako esperientzia parea. Sail Ofizialera, benetan zentrala den lehiaketara, itzultzekoa nintzen orain. Bi pelikula oso diferente. Franz, Agnieszka Hollandek Franz Kafka idazle txekiarrari buruz ondutako biopic zelebre bezain deigarria, eta Zinemaldian orain artean ikusitako gauzarik loriatsuena: Alauda Ruiz de Azua barakaldarraren Los Domingos. Goazen lehenik Praga aldera. Ipuinetan agertzeko moduko eszenatoki ederrean, ume bat agertzen zaigu ilea mozten ari zatzaizkiola. Unibertsala izango den idazle bat ezkutatzen du begirada beldurtu horrek. Franz Kafka, egun museo eta bisita gidatuen biktima denak –kritika zorrotza egiten zaio bere figuraren baitako turistifikazioari–, mundu paralelo bat du bere buruaren baitan. Metamorfosia irakurria badu batek, badaki zertaz ari naizen. Bizarroa, surrealista, etikaren mugetatik ihes egiten duena. Kanpo joko hori gustatzen zitzaion paperean islatzea Kafkari. Eta pelikulak tonu hori erreplikatu ei du. Baita egin ere. Zinematik ateratakoan entzundako zenbait komentariok eragin zidaten pelikulak zuzen jokatzen duenaren pertzepzioa. Jendea duda-mudan atera zen aretotik. Pertsonaiek kamerari hitz egiten baitiote, barne narratiba hautsiz. Orainaldia eta iragana modu naturalean batzen baitira. Kafkaren mundua grafikoki agertzen baita eldarniozko eszenetan. Eta horrexegatik funtzionatzen du, ene ustez. Artefaktu gisa, bikaina.
Hertzainak-en Aitormena abesten amaitu nuen –genuen, batek baino gehiagok– eguna. Itzela Ruiz de Azuaren azken sorkuntza. Bere aurreko lanetan erakutsia zigun, bai, badela belaunaldi berriaren baitako harribitxi berezienetarikoa. Ainara du protagonista zintak, komentu batean sartzeko asmotan den 17 urteko nerabea. Amaren heriotzak berarengan eragindako zauria nabaria zaio. Irudi lezake bokazio erlijioso goiztiarrari buruzko pelikula dugula aurrean. Eta bada, hein batean. Gai ezin tentagarriagoa, fedearen munduak egungo gizartean duen oihartzun urria kontuan izanda. Urria da presentzia baina hortxe dirau zigilu katolikoak. Hezkuntzan, barneratutako tradizioetan eta familia konfigurazioan. Eta hortxe benetako leherketa botoia. Instituzio familiarrari egiten zaio erretratu kolosala hemen. Alargun zorrez bete bat eta bere arreba gaitzespenez betea, zeina bere bikote harremanaz ere ez dagoen oso ziur. Biak batzen dira, bere seme-alabekin, amarenean bazkaltzera igandero. Jantokiko konbertsazioetan azaleratu ohi den tentsioari puntu bat gehiago gehituko dio Ainararen erabakiak. Barne hausnarketa betean da, zoriontsu egiten duen komunitate baten bila. Etxean ematen ez zaion aterpe afektiboaren peskizan. Komentuak filmatzerakoan, ohikoak zaizkigun iluntasuna eta enigma alboratuz, Nagore Aranburuk interpretatutako abadesa irribarretsuak bakea eta argia eskaintzen dizkio nerabeari. Badu enigmatikotik barre horrek ere, purua ala maltzurra ote. Aurreiritzien kutxa irekitzen digu etengabe lanak. Bere alaba komentuan sartzea ekonomikoki aringarria dakiokeela buruan du aitak. Izeba, aldiz, beldur da ilobaren ihesaz eta lehendik zartatua den familiaren deuseztatzeaz.
Ikusi beharko da palmaresak zein leku ematen dion filmari, baina baten kontzientzian oraindik gogor darraite kolpeka, bart arratsean jasotako galderarako gonbidapenek.