Denboraldi berria abiatuko du Donostiako Udalaren txistulari taldeak

Hilaren 28an hasiko da Donostiako Udalaren txistulari taldeak igandero eskaintzen duen kontzertu denboraldia. Astero-astero, euskal txistularien tradiziozko doinuz osaturiko kontzertuak eskainiko dituzte. Emanaldietan dantza, kantu, biribilketa edota kontzertu obrak entzuteko aukera izango da; hiru zuloko euskal txirulak jo ditzakeen tankera askotariko musikak. Ohiko moduan, kontzertuak Plaza Berrian izango dira, udaletxe zaharreko arkupeetan, igandero, 12:15ean hasita.
Ikasturtean eskainiko dituzten kontzertuen eredu da lehenengo igandeko programa. Euskal danbolinteroen errepertorioko dantza doinu, kalejira, bals edota kontzertu obrak entzungo dira
plazan, adibidez: Alborada lau ataletan, Eztai taldea, Ibai ona, Auritz eta Adiskide lasaia. Horiez gain, atzerriko piezak ere taularatuko ditu udal taldeak; esaterako: Tambourino.