Donostiako etorkizuneko hiriguneari buruzko jardunaldia antolatu du Gipuzkoako EHAEOk
'Amara-Easo: Donostiako aukera' izeneko mahai-ingurua egingo dute, bihar, EHUren Donostiako Arkitektura Eskolan (18:00).

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzako Kultura Batzordeak Gipuzkoako lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida jardunaldi berri bat antolatu du, Amara-Easo: Donostiako aukera izenburupean.
Topaketa, mahai-inguru formatuan, bihar, hilak 25, izango da, 18:00etan, EHUren Donostiako Arkitektura Eskolan. Horretarako, gaian adituak diren Sonia Puente Landazuri eta Enrique Ponte Ordoki izango dira hizlari, eta moderatzaile lanetan Ezekiel Collantes arkitektoa arituko da. Sarrera doakoa izango da eta herritar guztientzat irekita dago, baina lekuak mugatuak dira, beraz, aldez aurretik izena eman behar da Gipuzkoako EHAEOren webgunean.
Trenbideak Donostiako erdigunean lurperatzeak, hiriko paisaia eraldatzeaz gain, hiria birpentsatzeko aukera paregabea ere emango du. Jardunaldi honek espazio aske hori —orain arte zonaldeen arteko banantze-elementu bat— eta hiriaren etorkizunerako ekar dezakeen guztia ditu ardatz.
Gaurkotasun osoa duen gaia, gako garrantzitsuenak mahai gainean jarri nahi dituena, beste testuinguru batzuetara estrapola daitezkeenak eta hausnarketa sakon eta kolektiboa egitera bultzatzen dutenak.
Datozen jardunaldiak
Gipuzkoako EHAEO 2022. urtearen amaieran antolatzen hasi zen lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida jardunaldien 2025eko azken aurreko topaketa da hau. Aurtengo edizioko lehen topaketa martxoan izan zen, Zarautzen, eta kostaldeko hiriek klima aldaketaren aurrean dituzten erronken ingurukoa izan zen. Ondoren, izenburu bera izan zuten bi topaketa egin ziren: Hiri eredua: Donostia-Gipuzkoa 2035, bata ordezkari politikoekin eta bestea hirigile adituekin, Donostian.
2025eko zikloa azaroan itxiko da, Hondarribian egingo den Turismoa eta hiriari buruzko jardunaldi batekin.