Turistifikazioa salatzeko topaketa bat antolatu du Bizilagunekin plataformak
Bizilagunekin plataformaren manifestazio bat, artxiboko irudi batean. ‘Turistifikazioaren aurkako festa’ antolatu du Bizilagunekin plataformak datorren ostiralerako (hilak 26). Amara Berriko Ilunki elkartean egingo dute, 18:30ean, Turismoaren Nazioarteko Eguna aitzaki gisa hartuta. Desazkunde turistikoari buruzko informazioa elkarbanatuko dute topaketa horretan, eta turistifikazioak bereziki Donostian dakartzan kalteak salatuko dituzte, besteak beste.
Zenbait aurkezpen egingo dituzte topaketan bertan; alde batetik, Hau ez da chesecake bat fanzinea publikatuko dute: Donostiako turistifikazioa kritikatzen du horrek, turismoaren logikaz barre egiten duela. Bizilagunekinek parte hartu du sorkuntzan, beste batzuen artean. Bestalde, Desazkunde turistikoaren aldeko Euskal Herriko topaketak aurkeztuko dituzte: urriaren 24 eta 25ean egingo dituzte, eta planteamenduaren, helburuen eta programaren berri emango dute festan.


