Zinemaldi baten bitakora: bosgarren alea

Konturatzerako, joana zaigu jada Zinemaldiaren lehen erdia. Intentsitate handikoa da hemen barnean bizi dena, baina, aldi berean, proiekzioz proiekzio denbora hegan joaten da. Ahal den moduan ostu behar dizkiozu erlojuari zenbait minutu pintxo pare bat edo kafe pizgarriren bat irensteko. Sail Ofizialak ere ia aurkeztuak ditu jada pelikula gehientsuenak. Azpimarratzekoa, kritikaren partetik loriarik nabarmenenak bi produkzio lokalek jaso dituztela, orokorrean. Maspalomas eta Los domingos sutsuki arituko dira lehian palmaresean leku egiteko. Astearteari lasai antzean ekitea nahi izan nuen, gauean Culinary Zinema sekzioaren lehen jardunaldira gerturatzekoa bainintzen. Arratsaldera arte, beraz, ez nuen pelikularik ikusi. Izaten da zeri erreparatua ere aretoetatik at. Papel couché zaleek parada izaten dute aktore ezagunen baten autografoa arrantzatzeko. Solasaldiak ere mamitsuak ari dira izaten. Aipatuko nuke larunbatean Alexander Desplat eta Alberto Iglesias konposatzaileek izan zutena, Paula Olazen gidaritzapean. Azken hamarkadetan pelikula bikainei musika are apartagoa jarri dioten munstro bi.
Horizontes Latinos sekzioari egin nion astearteko lehen bisita. Benetan gauza interesgarriak ekarri ohi dituen saila. Aurrekontu apurragoekin, istorio handiak kontatu daitezkeela frogarazten diguten zintak. Ivan Fund argentinarraren El mensaje lanak ere medioen ekonomia hori nabaria du. Hiru aktore protagonista eta furgoneta batean bidaiatzen ari direlarik kontatzen den istorio soila. Berezia, ezbairik gabe. Tonu kontenplatiboan oso, animaliekin hitz egiteko gaitasuna duen haur bat dute lagun bi helduk. Bere amaren presentzia urrunaz hitz eginda, ikusleak galdetzen dio bere buruari gizon-emakume biek haurrarekin duten loturaz. Gizona arduratuta dago diru kontuekin, haurrak animaliekin egiten dituen kanalizazio espiritualak ongi aprobetxatzearekin ekonomikoki. Irudi lezake bikote txiroak haurraren boterea probestu nahi duela bizitza aurrera ateratzeko. Egunerokoarekin lotutako eszenak –esnezko hortzen erorketa, gasolindegian erositako afariaren dastaketa– deskribatzen dituen film luzeak gehiago diosku keinuz hitzez baino. Eskertzen da egitura tradizionala erakutsi diguten hainbeste proiekturen artean horrelako zerbait topatzea.
Eta eguneko bigarren eta azken pelikula –atseden bat gorputzari, azken txanparen atarian–, gastronomia eta zinema batzen dituen zikloaren baitako lehendabizikoa izan zen: Pen-ek Ratanaruang tailandiarraren Morte Cucina. Atzoko esperientziak, urtero sail honetan bezala, bi zati desberdin izan zituen. Bart are bereizgarriagoak iruditu zitzaizkidan, aretoan ikusiak ez baitzuen nire interesa piztu. Basque Culinary Centerren dastatua, ordea, kalitate handikoa begitandu zitzaidan. Goazen, lehenik, pelikulaz aritzera. Zuzendariak aurkezpenean aipatu gisan, mendekua ardatz zuen zinta baten aurrean geunden. Sao sukaldaria ezagutzen du batek protagonista gisa. Iragan traumatikoa atzean utziz, bere herrialdeko jatetxe batean dihardu lanean. Duela zenbait urte sexu eraso bat jasan zuen eta piezaren hastapenetan afaritara hurbilduko da erasotzailea bera Saoren lantokira. Orduantxe ekiten dio bere buruan mendekua prestatzeari. Ez du bortizki hilko, janariaren bitartez manipulatu eta suntsitu nahiko du. Nahiko sinestezina iruditu zitzaidan hari narratiboa bera. Erlijio musulmanera bilakatzen den garaia ez zuen, nik uste, ikuslegoak ongi ulertu. Ezta bere bikotea erabat txikitua duenean gertatzen den guztia. Bere lagun batek salbatu nahi duela eta, hiltzaileak gupida moduko bat ageri du biktimarekiko. Berriro kozinatzen dizkio gustuko zituen jakiak. Baina heriotza agertzen da, azkenik. Gehiegi luzatutako amaierak, sexu eszena alferrikakoek eta hari solte ugariek iritzi bera zekarkidaten ahora: pelikula geldoa, lotura gabea eta gogaikarria.
Gastronomia eta zinema batzen dituen zikloa ere jarri da martxan Zinemaldian. Culinary Zinemak urteak daramatza proposamen interesgarriak pantailara zein ondoren @bculinary|n ospatzen diren afaietara eramaten. Gaurkoan, Tailandiatik etorritako istorioa, @Kitchen_154|ren jakiekin. pic.twitter.com/35IpnMy5AO
— Ignacio Arakistain (@ignacio_arakis) September 24, 2025
Hala ere, bigarren zati bat genuen oraindik zain. Eta hor altxatu zen gaua, erabat. Kitchen 154 proiektu gastronomiko thailandiarraren bultzatzaile direnak izan ziren atzokoan filmean islatutako mahai gainera eramateko ardura izan zutenak. Nahiko irekia zuten abanikoa, ez baitzen pelikulan jatekoa gai zentrala. Izan zitekeen Sao delakoa abokatua, garbitzailea ala margolaria. Proposamen mamitsua aurkeztu zitzaigun Aieteko sukaldaritza etxean. Sarreran beti atsegina izan ohi den cocktail formatua ezin izan genuen gozatu, Azpeitia aldetik gerturatutako jendartea gose baitzen eta gora igotzerako pintxo artean trabatu egin ginen. Ozta-ozta, baina heldu ginen euskaldunez beteriko mahaira. Betiko moduan, tertulia abegikorren pizgarri dira mantel zuriek atondutako mahaiak. Zopa pikantea parean genuen aurkezpenak egin genituenerako. Gaueko ildoetako bat bizitasunarena, jakiei zegokienean. Getariko txakolinez lagundutako lehen plater hauetan arrozaren presentziak izango zuen garrantziaz ere jabetu ginen. Tako baten gisan jateko prestatutako arrautza frijitua, aparta, anakardo eta kurruskari hainbatekin. Jengibre eta curryz lagundutako masailak eta txahal haragiz eginiko entsalada epelak itxi zuten afariaren lehen zatia.
Kantitate ederrak, ugaritan goi mailako sukaldaritzari egotzi ohi zaion huskeria alboratuz. Amaieran aitatuko zuten beraiena proiektu kaletarra dela. Madrilen zenbait lokal irekiak ditu bart gaueko taldeak eta nabari zaie arrakastatsua dela egiten dabiltzana. Alberjinia akonpainamendu zuen saltxitxa belarrez josia edota azalore entsalada, jarraitzeko. Orokorrean aurkeztu zitzaigun guztia zegoen goxoa. Ganbez eta pinez hornitutako currya eta alberjinien beste bertsioa arkume haragiz ondutako salteatu gisa. Prest ginen jada postreari heltzeko. Gazitik gozotik baino gehiago zuen azken txinparta bat. Mamia. Baina ez edonolakoa; babarrunez, koko esnez eta tipulatx kurruskariz betea. Exotikoa, bai horixe. Ordurako igoa zen taulara sekzioaren arima eta gidari aparta den Xabier de la Maza donostiarra. Hark egin zituen sukaldean aritutakoen aurkezpenak, jendartearen txalo zaparradaren erdian.
Izugarri gustatzen zaidan esperientziak aho zapore ederra utzi zigun atzokoan ere, enkontru berezien eragile eta jateko onaren abagune.