Zinemira saria jaso dute Asier Altunak eta Telmo Esnalek

Euskal zinemak Donostiako 73. Zinemaldiko bere egun handia bizi zuen astearte iluntzean, Viktoria Eugenia antzokian egin zuten Euskal Zinemaren Galarekin. Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktoreek egin zituzten aurkezle lanak, baina euskal zinemako pertsona ezagun gehiagok ere hartu zuten parte sari banaketan, hala nola, Jone Laspiur, Ramon Agirre eta Mikel Pagadi donostiarrek. Era berean, Zetak taldearen zuzeneko musikak girotu zuen gaua. Horrez gain, Palestina ere izan zuten gogoan gala, Israel bertan gauzatzen ari den genozidioa “bihotzez” salatuz.
Zinemira sariaren banaketa izan ohi da galako une gorena, eta, aurten, Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendari gipuzkoarrek eskuratu zuten, duela hogei urte ondutako Aupa Etxebeste! filmarekin euskal zineman urratutako bidea aitortzeko. “Modu naturalean hasi ginen euskaraz”, nabarmendu zuen Altunak.
Bestalde, Sara Fantova bilbotarrak EITBren Egile Berriak saria irabazi zuen, Jone, batzuetan filmarengatik; Borja Kobeaga donostiarrak urteko gidoi onenaren saria eskuratu zuen, Los aitas filmarengatik; Miren Gaztañaga irundarrak eraman zuen EAB Bultzada saria; Arantxa Etxeberria bilbotarrak eskuratu zuen EZAE Saria, La infiltrada lanarengatik eta Aintzane Perez de Palomar produktoreak jaso zuen ohorezko saria
Sariez harago, euskal zinemaren egoera ona goraipatu zuten galan, inoiz baino film gehiago baititu aurtengo Zinemaldian: “38 euskal ekoizpen, euskarazko hiru Sail Ofizialean, eta lehen aldiz telesail bat”.