Aldaketak 2026ko udal zerga arauetan: 11 tasa aldatuko ditu udalak

Gaur onartu dituzte datorren urterako udal zerga arauak, eta aldaketa nabarmenak egingo dituztela erabaki dute: hain zuzen ere, 23 udal zerga eta tasetatik 11 aldatuko dituzte. Kerman Orbegozo Ekonomia zinegotziaren ustez, “zerga-politika moderatu, arduratsu eta gizartearekin konprometituaren alde” egiten du udalak, era honetan.
Gauzak horrela, 11 tasa horien aldaketaren helburua, udal baliabideak modu eraginkorrean kudeatzea da, besteak beste. Gizarte justizia indartzea ere bada beste helburuetako bat. Hortaz, zera adierazi du Orbegozok: “Gaur onartu dugun zerga arauen eguneraketari esker, Udalak 3,1 milioi inguru gehigarri bilduko ditu, eta horiei esker, zerbitzu publikoak bermatu ahal izango ditugu, udalaren oreka ekonomikoa arriskuan jarri gabe”.
EH Bildu eta Elkarrekin Donostia taldeen arteko hainbat akordiorekin egin dituzte aldaketa horiek, zuzenketak eta proposamenak medio. Hauek izango dira, beraz, aldatuko diren arauetako batzuk:
- Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, zerga %2 handituko da bakarrik 16 zaldi fiskaletik gorako autoentzat, zein 500 zentimetro kubiko baino gehiago duten motorrentzat. Gainerakoentzat, aldiz, %1,5 besterik ez da handituko. Hala, motor elektrikoa duten ibilgailuek zergan jasotzen duten hobaria %90 izatetik %95 izatera pasako da.
- Jabedun finkak ureztatzea eta igerileku pribatuak betetzeagatik ordaindu beharreko kuota aldakorra %2 izatera pasako da.
- Ohiko bizilekua ez izateagatik errekargua duten bizitegi-erabilerako ondasun higiezinek ez dute inolako hobaririk izango.
Bestelako aldaketa batzuk ere egongo dira, esaterako, garabiako, hodakin bilketako eta TAO zerbitzuko tasetan.