Aske antolakundeak salatu du infiltrazio polizialak «zuritzen» dituzten filmak Zinemaldian proiektatu izana
Infiltrazio polizialen inguruko filmen proiekzioak salatzeko pankarta bat, Aske antolakundeak Parte Zaharrean jarritakoa.Aske Donostiako 73. Zinemaldiak Un fantasma en la batalla (Agustin Diaz Yanes, 2025) eta La infiltrada (Arantxa Etxebarria, 2024) filmak proiektatu ditu egunotan, biak ala biak ETAn infiltratutako polizia batzuen kasuen ingurukoak. Lan horiek polizia infiltrazioa “zuritzen” dutela salatu du amnistiaren aldeko Aske antolakundeak: “Maila internazionala duen Zinemaldia baliatu nahi dute, infiltrazioak zuritzen dituzten filmei bultzada emateko. Horren aurrean, Asketik film honen proiekziora ez joateko deia luzatzen dugu, baita infiltrazio polizialen eta jazarpenaren kontra antolatzeko ere”.
Askek nabarmendu du infiltrazio poliziala “tortura biguneko jazarpena” dela: “Estatu zapaltzaileek infiltrazio poliziala baliatu izan ohi dute mugimendu politikoen inguruko informazioa lortu, eta hauen kontra burutzen dituzten kolpe errepresiboak ahalik eta eraginkorrak izateko. Baina ez dio helburu bakar honi erantzuten. Izan ere, infiltrazioek, hauek identifikatu eta salatu ostean, mugimendu politiko horietan mesfidantza eta desmobilizazioa sustatzen dute, baita infiltratuaren inguruko militanteen gaineko erruduntasun sentsazioa eta depresioa sustatu ere. Are gehiago, poliziak hauek mugimendu politikoetan sartzeko prozesuan askotan sexu afektibotasuna baliatzen dute sistematikoki, horrek militanteen gain sortzen dituen ondorio psikologiko guztiekin. Hori guztia kontuan hartuta, infiltrazio poliziala estatuek militante politikoen kontra baliatzen duten tortura biguneko jazarpen gisa kalifikatu beharra dugu”.
Gogorarazi dute, halaber, azken urteotan hamabi polizia infiltrazioren kasu azaleratu direla Espainiako Estatuko mugimendu politiko eta sozialetan. Horietako bat bera ere ez da Euskal Herrian izan, baina Askeren arabera, “horrek ez du esan nahi egon, ez daudenik”: “Hala ere, Euskal Herria infiltrazio polizialen zuriketarako eszenatoki bilakatu dute”, salatu dute, aipaturiko bi filmei erreferentzia eginez.
Askeren ustez, bi film horiek azken hilabeteotan atera izana “ez da kasualitatearen ondorio”: “Azken infiltrazio kasuek eragindako eztabaida politikoan eragiteko helburuarekin sortuak dira. Maila kulturalean infiltrazioak onartu, begi onez ikusi eta hauek ‘gaizkileak’ eta ‘onak’ gisako eztabaidetara mugatzeko helburua dute, horien atzetik dauden ondorio guztiak ezkutatuz”. Era berean, gogorarazi dute Espainiako Poliziak Como destapar a un policía infiltrado eskuliburuaren proiektuan parte hartu zuen kide bat atxilotu zuela ekainean, “sekretuak argitaratzea” eta “dokumentuak faltsutzea” leporatuta: “Atxiloketaren helburu bakarra infiltrazioen kontrako ikerketan dabiltzan militanteak zigortzea eta desmobilizatzea da”.


