Astebururako plan bila Donostian?
'A Magical Substance Fows Into Me' filma. Asteburua aprobetxatzeko plan bila bazabiltza, aukerarik ez zaizu faltatuko Donostian. Alde batetik, ez ahaztu aurrera jarraitzen duela 73. Zinemaldiak —hemen daukazu egitaraua—. Bestetik, ez ahaztu, ezta ere, hasi berri direla Altzako Arriaga Serafinak jaiak eta ez dela aspertzeko astirik izango auzoan —egitaraua, hemen— Horrez guztiaz gain, gure agendan askotariko jarduerak aurkituko dituzue, eta egun bakoitzeko bestelako proposamen bat aurkituko duzu jarraian.
Ostiralean (hilak 26), euskal antzerkiaz disfrutatzeko proposamen bat: Dejabu konpainiak Itzulera antzezlana taularatuko du Egia Kultur Etxeko Gazteszena aretoan. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai, 12 euroan.
Larunbatean (hilak 27), Uliako Mintegien parkera joatea gomendatzen dizugu, Saretuz elkarteak Denbor-bor festa antolatu baitu han goizean. Kontsumo arduratsua du hizpide elkarteak bere egunerokoan, eta denborari buruz hausnartuko dute festan, askotariko jarduerekin; hemen daukazue informazio guztia.
Igandean (hilak 28), Zinemaldi Alternatiboko film bat gomendatuko dizugu, baina ez ahaztu askoz film gehiago proiektatuko dituztela egunotan; hemen egitaraua. Igandean, aurtengo jaialdia ixteko, Jumana Manna artista palestinarraren A Magical Substance Flows Into Me filma proiektatuko dute Sagueseko frontoian, 20:00etan —hemen trailerra—.


