Jorge Mota PPko zinegotziak eserlekua utziko du, arrazoi pertsonal eta politikoengatik

Donostiako PPko hiru zinegotzietako batek, Jorge Motak, udal korporazioko bere eserlekua utziko du, “arrazoi pertsonal eta politikoengatik”, Efe albiste agentziak jaso duenez. Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea eta Gipuzkoako Alderdi Popularreko idazkari nagusia ere bada Mota, eta kargu horiek mantenduko ditu. Zinegotzi kargua urrian utziko duela aurreikusten da.
Eferen arabera, Motak bere bi helburu nagusiak ez lortu ostean dator bere eserleku uztea. Alde batetik, ETAk 1990ean hildako bere anaia Angel Motaren omenezko plaka bat hirian jartzeko helburua zuen zinegotzi popularrak, baina, iturri beraren arabera, familiako kideren baten kontrako jarrera da plaka hori jarri ez izanaren arrazoia. Bestetik, ETAk Donostian hildako pertsona guztien izenekin plaka bat jartzea zen Motaren beste helburua, baina horrek ez du lortu babes nahikoa udalean.
Horrez gain, PPk Eferi azaldu dionez, Motak eserlekua uzteko beste arrazoietako bat da alderdiak beharra ikusten duela Donostiako Udalean erabat zentratutako lantaldea edukitzeko eta, aipatu moduan, Motak beste kargu batzuk ere baditu. Aurreikusi daiteke Tomas Pascuak hartuko duela Motaren eserlekua udalean, bera izan baitzen PPren hauteskunde zerrendako hurrengoa.