Bakearen ikurra

Karmele
Zuzendaria: Asier Altuna · Urtea: 2025 · Herrialdea: Euskal Herria · Saila: Sail Ofiziala – Emanaldi bereziak
Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eleberria oinarri hartuz ondu du Asier Altuna zinemagile bergararrak bere lan berriena: Karmele. 1937an, tropa faxistak Ondarroan sartuko direnean abiatuko da filma, eta ondorengo urte ilunetan testuinguratuta, erbestealdiaz, askatasunaren aldeko borrokaz eta kulturaren balio transzendentalaz mintzatuko da, erizaina den emakume gaztearen (Jone Laspiur) eta mugaz bestalde ezagutuko duen Txomin tronpeta jolearen (Eneko Sagardoy) arteko maitasun istorioaren pean. Parisera, eta handik Caracasera ihesean, bikoteak familia edota herriarengan pentsatu eztabaidatuko du faxismoaren bortizkeria pairatu bitartean.
Istorio zinez zirraragarria lehen instantzian, baina indar emozional falta izugarria duena, tamalez. Tramaren nondik norakoak gorabehera, tratamendu narratiboari dagokionez, nobelaren egitura literarioari lotuegi dago Karmele, bere bidea aurkitu ezinda. Bi hamarkadaz luzatuko den drama historikoa izanik, gertaera, bizipen eta gatazka asko jasoko ditu pelikulak, baina denak elkarren errenkadan erakusteak idazkera fina eskatzen du; zoritxarrez, identifikazio emozionalaren jarraikortasun ezak arimarik gabeko kontaketa ekarriko du etsipenez.
Aldiz, Altunaren pelikulak baditu zenbait puntu erakargarri ere, beren baitan film oso baterako gai izan zitezkeenak, eta azaletik jorratu izanak anekdota hutsera kondenatu dituenak. Mundu tradizionalaren eta modernoaren arteko talka iradokiko du, pertsonaiengan beraiengan islatuta. Askatasunaren ispilu dira Txomin eta haren tronpeta, garai hartan jaiotzen ari zen jazzaren, adierazpide berrien, ilusioa. Berau, baina, dialektikan sartuko euskal folklorearekin, Karmele kide duen Eresoinka konpainiak egindako erresistentzia lanarekin.
Izan ere, 36ko gerra bete-betean, Eusko Jaurlaritza Parisen babestu eta euskal kultura bozgorailu politiko gisa nola erabili zuen erakutsiko digu Karmele-k. Elai Alai dantza taldeak eta Eresoinka abesbatzak Frantziako hainbat tokitan eskainitako ikuskizunak birsortu ditu zinemagile bergararrak, Nemesio Sobrevillak 1938an zuzendutako Elai Alai film labur dokumentalari omenaldi sentikorra eginez.
Euskal Herriaren errealitatea ezagutarazteko eta errefuxiatuei zuzendutako dirua biltzeko martxan jarritako estrategia hura lehen lerrora ekarriz, artea eta kultura bakearen ikur gisa aldarrikatuko ditu Altunak. Bada, modu berezian filmatu ditu bergararrak, Bertsolari (2011) eta batez ere Amama (2015) lanak ardaztuko dituen lirismoa eta poetikari helduta, bizitza propioa hartuko dute dantzaldiek eta kantaldiek. Herri batek aske izateko duintasunari, elkarkidetzari, gorazarre egingo die.