«Euskara ez da hizkuntza bereziki zail bat; denak dira zailak lehen aldiz entzuten dituzunean»
2015ean iritsi zen Irunera Mohamet Ndiaye Bien. Bertan bizi da oraindik ere bere familiarekin, baina bereziki maite du Egia. 'Vintage' arropa denda bat ireki berri du bertan, eta bisitan joan gatzaizkio.

Zurriolako saskibaloi kantxan pasatzen ditu ordu hilak. Zoriontsua da han, txikitako bizimodua gogorarazten dio baloi bat saskiratzeak. Mohamet Ndiaye Bien du izena eta saskibaloia da bere pasioa. Tira, saskibaloia eta Egia auzoa (bereziki maitekiro mintzatzen da hari buruz). Thiesen jaio zen, Senegalen, eta han loratu omen dira saskibaloiko zenbait izar; gaur egun, NBAn jokatzen duten horietakoak. 1,90 metroko altuerako izarrak. Haiek bezalakoa izan nahi izan du betidanik, baina bizitzak, batzuetan, beste kantxa batzuetan jokatzera eramaten zaitu.
Los Angeles urruti geratzen zitzaion, akaso, saskibaloian aritzen jarraitzeko, eta Irunera ekarri zuen amak, 2015ean, 18 urte zituela. Bertako talde batean aritu zen, baina egoera ekonomiko gogor batek kantxa uztera behartu zuen, amari laguntzeko. Han bizi da, oraindik ere, bere emazte eta semearekin batera. Baina ez da Irun, bereziki, bihotza lapurtu diona.
Euskal Herrian daramatzan hamar urte hauetan, lan eta lan aritu da. Bakailaoa lantzen zuen enpresa batean hasi zen lanean iritsi zenean, baina hilabete besterik ez zuen iraun bertan; kostata ulertzen zuen oraindik gaztelaniaz, eta horrek eraman zituen bere enpresako jabeak lanetik botatzera. Bidean aurkitu ditu zenbait oztopo, egoera berrietara moldatu behar izan da. Gasolindegi batean egin zuen lan, kalean diademak eta betaurrekoak saldu zituen eta jaso makinetako gidari gisa ere ibili zen. Galtzerdiak ziren bere merkantziarik arrakastatsuena. Bakarra ere bai, hasiera batean. Hiru lanak uztartzen zituen, baina kale saltzaile gisa eman dituen urteek eman diote oraindik gurean bizi dugun errealitate kolpe bat. Errespetuaz mintzatu zaigu, kale saltzaileei galtzen zaien errespetuaz. Behar bati erantzuteko lan duin bat da, beste batzuen antzera, baina kaleak eszenatoki txikiegia dira, agian, esateko hainbeste dutenentzat.
Baina beti amestu du zerbait propioa edukitzearekin. Proiektu propio bat. Ekinez, askatasun ekonomiko gehiago lortuko zuelakoan zegoen, bere familiari ahalik eta bizitzarik duinena emateko. Telefonotegi bat ireki zuen Irunen; sei hilabetez egon da han lanean, baina lanak fruiturik ematen ez duenean, hobe da utzi eta beste gauza batera jotzea. Inoiz ez dio beldurrik eman berriro hasteak, gogoz zapaltzen ditu aro berriak.
Mandelaren urratsak
Nelson Mandelak erakutsi zion Ndiayri bere ametsengatik borrokatzen. Mantratzat izan ditu urteotan Mandeleran urratsak, eta bere omenez jarri zion Mandela izena Egia kalean ireki berri duen bigarren eskuko arropa dendari. Vintage denda bat dela dio Ndiayek, eta kamisetak, bitxiak, poltsoak eta bestelakoak saltzen ditu. Emakumeak etorri ohi zaizkio bisitan dendara, gehienbat. Publiko zabala du, ordea, eta adin guztietarako pagotxak dauzka salgai. Izaera propioa duen lokal bat da, gogoz jardun eta gero argia ikusi duen beste izar distiratsu bat. NBA-koen atzera.
Zail gerta zitzaion bere txoko berriaren irekiera; iazko irailean alokatu zuen lokala abenduan irekitzeko asmoz, baina lekuaren egoerak okertu zituen bere plan guztiak. Zaharra zegoen, eta arazoak izan zituen bertako elektrizitatearen instalazioarekin. Argirik gabe ezin lanik egin, baina konpontzea lan handia zen elektrikarientzat, eta ez zuten horrelako lanik hartu nahi. Hala, hilabeteak pasatu eta pasatu, eta alokairua ordaintzen jarraitzen zuela, ezin izan zuen denda ireki. Ekainean ireki zituen ateak Mandelak, azkenean, elektrizitateaz zertxobait zekien lagun bati esker. Bere bizitzan dena izan delako beti jaso eta eman, eman eta jaso.
«Nelson Mandela inspirazio bat izan da beti niretzat»
Denda osoa dago birziklatutako materialekin eginda; itxura, ordea, ez da batere arrotza. Koloretsua da oso, Ndiayek Egiari buruz hitz egiteko duen modua bezalaxe. Harrera beroa egin zioten bizilagunek, eta bertan etxean sentitzen dela aitortu digu. Senegalen itxura handia hartzen dio auzoari; hango jendearen gertutasuna, apaltasuna ikusten du hemengo jendearengan, eskua eman izan diote luze eta sarritan. Hemen inork ez du inor kanpotar sentiarazten.
Auzo bat etxe
Candido zapataria izan zen bere lehen laguna Egian; elkarrekin egin zuten lan gasolindegian, eta berak eman zizkion likidatu behar zituen diru zorrotxo batzuk, sal zitzan. Bitxia da, baina diru zorro batekin hasi zen dena.
Argi zuen noizbait denda bat ireki behar bazuen, bertan izango zela. Beste auzoetan ez du Egian sentitzen duen berotasuna nabaritzen, eta lasaitasuna ematen dio horrek. Etxeko beroa da, etxean egotearen sentsazioa. Auzoko jendearengandik jaso zuen bigarren eskuko arropa denda bat irekitzeko ideia. Gorka auzotarra etorri zaio burura. Barre artean gogoratzen da berarekin, bera ere «kalekume bat delako».
«Egian ez nau inork kanpotar sentiarazten,
eta hori benetan eskertzekoa da»
Auzotarrek beti eman diote ongi etorri atsegin bat, eta «mundiala» kuadrillara batu da Ndiaye aurtengo Porrontxo jaietan. Guztiontzako Egia auzotar sareak urte osoan zehar dihardu jatorri desberdinetako egiatarrak elkartzeko, auzoak dituen erronkei auzotik erantzuteko eta, horrela, etorkizuneko Egia eraikitzen laguntzeko lanean. Ildo horretatik, Porrontxo jaiak Egiakoen urteko garai kutuna direla jakitun, Kuadrilla Mundiala antolatu zuten iaz estreinakoz. Bost urte zeramatzan Ndiayek parrandan atera gabe, eta polita izan da, berriz ere, horrelako tartetxo bat hartzea berarentzat. Horrelakoak Egian soilik gertatzen direla sentitzen du. Egiak ematen dio saskibaloi kantxak ematen dion berotasun hori. Dioenez, ez duena beste inon ikusi. Tira, bai. Senegalen.
Berdinak, baina ez berak
Thiès eta Egia ez omen dira oso desberdinak, eta ez soilik jendearen izateko erarengatik. Ezta Senegal eta Donostia ere. Kultura ia bera dela aitortu digu Ndiayek; tradizio berak dauzkagu, baina beste modu batera praktikatzen dira. Horregatik ez zaio inoiz arraroa egin hemen ospatzen duguna, berak ere horixe sentitzen duelako Senegalgo tradizioekiko. Erlijio musulmana praktikatzen dute, noski, eta gabonak dira bitxiena iruditzen zaiona. Olentzero aipatu digu, barre artean. Bitxia bezain polita, beraiek ospatu ez baina begi onez hartzen duten tradizio bat. Hemen sakratua da poteoa, tenplu diren tabernetan. Han, ordea, tea hartzen dute, lagun eta senitartekoen etxean.
Euskaraz ere mintzatu zaigu, halako batean. Mandelan dena da «merkea» eta «ona», bere hitzetan. Segituan esan digu ez dela hizkuntza bereziki zail bat. Gure harridura aurpegiari erantzun dio, berehala: «Hizkuntza bat da, eta hizkuntza guztiak dira zailak lehen aldiz entzuten dituzunean». Arrazoi du. Esan diote abantaila bat dela dendarentzako euskaraz jakitea, eta euskaltegira apuntzeko asmoa du. Dagoeneko ez ditu «canasta»-k sartuko. «Baloia saskiratuko du».

'Fake Lion', tam-tamen doinura dantzan
Fake Lion ikuskizuna, animazio ezaguna da Senegalen. Euskal Herriko dantzei buruz hitz egitean etorri zaio gogora Ndiayeri Fake Lion. 1940az geroztik kontsideratzen da ikuskizun hau benetako kale ikuskizun bat; aulkiak, danborrak eta mikrofonoak hartu, eta dantzan aritzen dira, lehoi maskarak jantzita. Auzoetako emakumeak dira antolatzaile nagusiak, eta jaiegun baten iluntzera arte dihardute dantzan.
Ikuskizunaren aurretik, gizonak lehoiz mozorrotzen dira, makillajearekin: gorria eta beltza dira kolore nagusiak, itxura beldurgarria ematen saiatzen dira euren aurpegiei. Tam-tam hotsek iragartzen dute lehoi faltsuen etorrera ikusgarria. Orroka ari dira hauek, eta eskuz egindako oihalek ezkutatzen dituzte ikusleengandik.
Dantza pauso batzuk eman ondoren, lehoiek dar-dar egiten dio ihes egiten duen jendetzari, bat-batean. Hemengo sanferminak direla azaldu digu Ndiayek, barre artean. Biktimei zirkulu nagusian dantzatzeko eskatzen zaie eta gaizki eginez gero, urarekin busti edo iseka egiten diete. Ikuskizunaren amaieran, batez ere haurrez osatutako publiko batek laguntzen du lehoi faltsuen itzuleran, tam-tam soinuetara abestuz.
Ahozko tradizioaren arabera, Fake Lion ikuskizuna Senegalen bizi diren lehoi, hiena, gazela eta tximinoen gisako animalia basatiek populatutako baso trinkoz estali zen garaikoa da. Lehoi batek eraso egin eta bizirik atera zen ehiztaria pertsona arrotz bihurtu zen. Gertakari hark txundituta, burua galdu eta lehoi baten antzera orroka hasi zen, haragi gordina soilik janez, eta ilea hazi zitzaion gorputzean. Hura sendatzeko, sendagile tradizionalek jaat egin zuten gero: gezurrezko lehoia goraipatzeko diskurtso epikoa.