«Fusilatu izan ez balituzte, non egongo ziren gaur egun Txiki eta Otaegi?»
50 urte beteko dira bihar frankistek Juan Paredes Manot 'Txiki' eta Angel Otaegi etakideak eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituztenetik. Jose Manuel Bujanda Arizmendi 'Bixar'-ek (Gros, 1953) Txikirekin militatu zuen ETAn hainbat hilabetez; lagunak ziren. Berak erakutsi zion Txikiri 'Eusko gudariak' abestia, azken tiroa eman zioten unera arte kantatu zuena. ETApm-tik Euskadiko Ezkerrera igaro zen Bixar eta EAJko militantea da duela 30 urte. Txiki eta Otaegiz, ETAz, gatazka politikoaz eta bere ibilbide politikoaz luze eta zabal mintzatu da Bixar.

Has gaitezen zure haurtzarotik. Txikitatik datorkizu abertzaletasuna?
Donostiako familia abertzale, oso kristau eta oso zigortu batean jaio nintzen, 36ko gerran oso zigortua: osabak hilak, izebak erbestean, aita kartzelan… Saseta batailoiko kidea zen aita, baita bere anaia guztiak ere. Etxean, txikitatik, ulertzen ez nituen gauzak entzuten nituen: Jaurlaritza, askatasuna, aberria, alderdia… Horrekin lotutako bitxikeria bat kontatuko dizut: aitak, batzuetan, anis botila bat ateratzen zuen, eta koilaratxo batekin igurtziz soinua ateratzen zuen, baita anis pixka bat edalontzi batean bota eta erre ere, amarekin begirada konplizeak zituen bitartean. Gerora konturatu nintzen, Aberri Egunetan egiten zuela hori.
Militantzian, ordea, noiz hasi zinen?
Ikasle garaian, 17 bat urte nituela, sortu berri zen IAM Ikasle Abertzaleen Mugimenduan sartu nintzen: euskara klaseak ematen genituen, pintaketak egin… Garai berean, Gipuzkoako errugbi selekzioan jokatzen hasi nintzen eta, hori dela eta, Ipar Euskal Herrian partida batzuk jokatzen nituen. Ordea, frankismo betean geunden, eta arazoak edukitzen genituen partida bat jokatzeko muga pasatu behar genuen bakoitzean. Horregatik, gure entrenatzaileak, Loiolako kuarteletako militar ohi bat zenak, hariak mugitu eta jokalari bakoitzari pasaporte bat atera zigun bere izenean, arazoak ekiditeko. ETAko logistikan sartu nintzen, eta, noski, pasaporte hori tresna bikaina zen horretarako, guardia zibilen aurretik inolako arazorik gabe pasatzen bainuen muga.
Garai hartakoa da ‘Bixar’ ezizena?
IAMen eta ETAn nenbilela, erorketa bat egon zen, eta baten batek komisarian nire izena esan zuen: Jose Manuel Bujanda Arizmendi Bixar. Orduan jakin nuen ni Bixar nintzela [barrez]. Antza, kide batzuen artean Bixar deitzen ninduten, eta, ordutik, Bixar naiz.
Zure izena komisarian esan zutenean, zer egin zenuen?
Bi aukera nituen: neure burua entregatu edo alde egin. 18-19 urte nituen orduan eta mundua jaten nuen, beraz, alde egin nuen, noski. Beti pentsatu izan dut gerra bat edo bestelako gatazka handi bat dagoenean, gatazka hori bizi duen belaunaldiaren ondorengo belaunaldiak ez duela etsitzen, eta ni gerraren ondorioak ikusi eta bizi zituen etxe batean hazi nintzen.
Ipar Euskal Herrira egin zenuen alde, 1974ko udan. Han ezagutu zenuen Juan Paredes Manot ‘Txiki’?
Iparraldera joan eta astebetera, hitzordu bat jarri zidaten, Groseko San Ignacio parrokian, norbaitekin. Iristean, pertsona txiki bat ikusi nuen han, harengana gerturatu nintzen eta «soy Bixar», esan nion. Eta, «yo soy Txiki», erantzun zidan. 1975era arte elkarrekin egon ginen.
Denbora horretan, nik ez nuen jakin zein zen bere benetako izena, ezta berak nirea jakin ere. Txikik nire izen-abizenak jakin zituen 1975eko otsailaren bukaeran Iruñean atxilotu nindutenean eta albistea egunkarietan irakurri zuenean. Hiruzpalau hilabete ondoren atxilotu zuten bera, eta orduan jakin nuen nik zeintzuk ziren bere izen-abizenak. Elkarrekin geundenean, ez genekien aurrean genuena benetan nor zen. Eta, banandu ginenean, ezin izan genion elkarri agur esan. Horregatik, beti esaten dut egunen batean elkarri kaixo esan ahal izango diogula.
«Txikik eta biok ezin izan genion elkarri ‘agur’ esan. Horregatik, beti esaten dut egunen batean elkarri ‘kaixo‘ esan ahal izango diogula»
Zergatik banandu zineten?
1975eko otsailean, ni Iruñera joan nintzen eta bera Bartzelonara. Koldo Iztueta atxilotu zutenean, ETAk Nafarroara bidali gintuen Txiki eta biok, aske gelditzen ziren militanteekin harremanetan jartzera eta azpiegitura hori berriz jostera. Poliziak, ordea, militante batzuk nahita utzi zituen aske, haien bila zihoazen militanteak ere atxilotzeko. Ni atxilotu nindutenean, Txiki libratu egin zen, Bartzelonara joan zelako orduan.
Nola atxilotu zintuzten?
Zita bat nuen, Iruñeko Leire tabernan —nire alaba horregatik deitzen da Leire—, baina, sartu nintzenean, ez zeuden nirekin harremanetan jarri behar ziren pertsonak. Horregatik, alde egitea erabaki nuen, baina joaten hasi nintzenean, bertan kalez jantzita zeuden poliziak altxa ziren, ni atxilotzeko. Pistola atera nuen, baina buelta eman nuenerako, tiro egiteko astirik gabe, hiruzpalau pistola nituen kopetan.
Atxilotu eta komisariara eraman ninduten. Bertan bizitakoak ez ditut kontatuko, baina nik pentsatzen nuen han hilko nindutela, eta, une horretan, berdin zitzaidan; are gehiago, momentu batzuetan, nahiago nuen hiltzea. Epailearen aurrera eraman nindutenean, banekien espetxera bidaliko nindutela, baina munduko gizonik zoriontsuena nintzen, komisariatik bizirik atera nintzelako, nahiz eta suntsituta nengoen. Pentsa, gurasoak eta anai-arrebak lehenengo aldiz espetxera bisitan etorri zirenean, ezin nuen altxatu ere. Aita eta anai-arrebak negar batean egon ziren; amak, aldiz, ez zuen negar malko bat ere bota. Gerora ere, ama izan zen amnistiaren aldeko manifestazio guztietara joaten zena, bera egon zen lehen lerroan beti.
«Banekien espetxeratuko nindutela, baina munduko gizonik zoriontsuena nintzen, komisariatik bizirik atera nintzelako»
1977ko amnistiarekin atera zinen espetxetik, ezta?
Bai. Amak hamabost gau pasatu zituen Madrilen zain, ni kartzelatik ateratzeko zain.
Espetxean izan zenuen Txikiren atxiloketaren eta hilketaren berri?
Atxiloketaren berri izan genuenean, matxinatu egin ginen Iruñeko espetxean: hala moduz egindako ikurrinak atera genituen leihoetatik, Eusko gudariak abestu genuen eta abar. Horren ondoren, isolamendu ziegetan sartu gintuzten eta gose greba abiatu genuen. Horrela heldu zen 1975eko irailaren 27a, eta norbaitek «hil dituzte!» oihukatu zuen. Eusko gudariak abesten hasi ginen denok, eta negarrez amaitu genuen. Hori izan zen, segur aski, inoiz jaso dudan kolperik handiena; ezin nuen asimilatu. Gainera, jakin genuenean Txikik Eusko gudariak abestu zuela azken unera arte, izugarri hunkitu nintzen, abestia nik erakutsi niolako.
Politikoki eta emozionalki jaso nuen lehenengo kolpe latza izan zen. Hilabete ugariz elkarrekin egon ostean, mundua jan behar genuen bi horietako bat hilda zegoen eta bestea kartzelan, torturatua izan ostean. «Seguru ondo gabiltzala?», galdetzen hasi nintzaion neure buruari.
«Jakin genuenean Txikik ‘Eusko gudariak’ abestu zuela azken unera arte, izugarri hunkitu nintzen, abestia nik erakutsi niolako»
Ordurako, ETAren barneko haustura gertatu zen, eta Txiki eta zu ETApm-n zenbiltzaten.
Bai. Txiki fusilatu ondoren, ETApm-k Angel Berazadi bahitu zuen Elgoibarren, oraindik espetxean nengoela. Herriko enpresari bat zen Berazadi, euskaltzalea, ikastolen sorreran dirua jarri zuena… ez dakit abertzalea zen edo ez, baina ez zen etsaia. Gero, gainera, hil egin zuten, eta hori izan zen nire bizitzako bigarren kolpe politiko handia.
Eduardo Moreno Bergaretxe ‘Pertur’ ETApm-ko militantearekin ere harremana zenuen, ezta?
Lagunak ginen, bai, asko hitz egiten genuen. Zehazki, asko hitz egiten genuen Franco hil ondoren egingo genuenaz, ETAren barneko gure jardunari zegokionez. ETAren barruan, zatiketa garaiak ziren, eta bazeuden militante asko ez zutenak horri buruz hitz egin nahi ere; amodiotik gorrotora pauso bat baino ez dago sarritan, eta orduan ikusi zen hori.
Pertur desagertu zenean, kartzelan nengoen. Gainera, bi teoria azaleratu ziren orduan, bere desagerpenaren inguruan: estatuaren estoldetako mertzenarioak izan zirela eta ETA militarreko kideak izan zirela. Ez dakit nork desagerrarazi eta hil zuen Pertur, baina espero dut, benetan, mertzenarioak izan izana. ETA militarreko kideak izan baziren, ez dut jakin nahi, segur aski, garaian ezagutzen nituen militanteak izango zirelako. Perturrena izan zen nire bizitzako hirugarren kolpe politiko gogorra.

Txikik, fusilatua izan aurreko gauean, Bixarrentzako hitz batzuk idatzi zituen. Bujandak< Txikiren anaia baten eskutik jaso zuen gutuna, espetxetik atera ostean.J.M. Bujanda
Francoren heriotza ere espetxean bizi izan zenuen.
Carabanchelgo espetxean nengoen orduan. Zurrumurruak iristen hasi zitzaizkigun: Jose Maria Areilza izango zela presidentea, Adolfo Suarez izango zela, Suarez Santiago Carrillorekin hitz egiten ari zela, hauteskundeak egingo zituztela, konstituzio bat idatziko zutela, autonomia estatutu bat, amnistia legea negoziatzen ari zirela… Espetxean geundenontzat, zientzia fikzioa zen hori guztia; pentsa, lagun bat fusilatuta nuen eta beste bat desagertuta. Egungo betaurrekoekin ikusita, batzuek diote trantsizioa kaka izan zela, baina garai hartan han egon beharra zegoen.
Amnistia legearen atera nintzen espetxetik, aipaturiko horrengatik guztiarengatik, zalantza ugarirekin, beste kide askoren moduan. Eta, gutako askoren irteera naturalena Euskadiko Ezkerra alderdia izan zen; orduko EE, ez oraingoa.
ETApm aktibo zegoen oraindik.
Kontraesan etengabe batean bizi ginen: EEk parlamentari batzuk zituen eta ETApm-k UCDko kideak hiltzen jarraitzen zuen. Azkenean, disolbatu egin zen ETApm, gutako askok defendatzen genuen moduan. Armak uztearen kontra zeuden kideetako askorentzat, aldiz, traidore, damutu, espainol, salatari eta abar luze bat bihurtu ginen.
EEk PSErekin bat egin zuen, ordea.
Oso ilusionatuta nengoen EEn, baina nire laguna zen Mario Onaindia eta beste kide batzuk alderdi sozialistarekin negoziatzen hasi zirenean, nik ez nuen ulertu; abertzalea izanda, ez nion zentzua ikusten alderdi sozialistarekin bat egiteari. Niretzat, akats historiko eta estrategiko izugarria izan zen hori. Alderditik atera nintzen, hain justu, eta, gerora, EAJn sartzen utzi ninduten, 1995ean. Sartzen utzi soilik ez, urteotan hainbat kargu eduki baititut EAJrekin Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan.

Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundeak Txiki eta Otaegi omendu zituen hilaren 14ko manifestazioan.Xalba Ramirez
ETApm desagertu zen, baina ETA militarra ez. ETA onaz eta ETA txarraz hitz egiten dute batzuek. Diskurtso horren aldekoa zara zu?
Kontua da ni auzi horretako arte eta parte naizela, fusilatutako lagunak ditut, torturatuak… ezin dut iritzi inpartzial bat eduki, ezta analisi neutro bat egin ere.
Ez dakit ondo ala gaizki egon zen frankismoaren aurka bortizkeria erabiltzea, ez daukat argi. Batzuetan pentsatzen dut, Carrero Blanco hil ordez, Franco hil izan bagenu, gaizki egongo zen? Legitimoa izango zen? Etikoa? Ez dakit. Baina norbaitek esan zezakeen Franco hiltzea ez zegoela ondo? Edo Videla hiltzea? Edo Pinochet hiltzea?
Ez dut ETA onaz eta ETA txarraz hitz egiten, baina argi daukadana da irakurketa egokia egin genuela amnistiaren legearen ondoren borroka armatua bukatu zela ondorioztatu genuenok. Zeren, uste dut ETA militarraren demokrazia garaiko jarduna autonomia estatutuaren aurka joan zela. Ezker abertzalean jarraitzen duen lagun batek, erdi txantxetan erdi serio, behin esan zidan: «Zuek arinegi disolbatu zineten eta gu beranduegi».
«Ezker abertzaleko lagun batek, erdi txantxetan erdi serio, behin esan zidan: ‘Zuek arinegi disolbatu zineten eta gu beranduegi’»
Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren 50. urteurrenaren bueltan, asko hitz egiten da azkenaldian beraiei buruz.
Askotariko jarrerak azaleratu dira. Gogora institutuak esan zuena zentzugabekeria izan zen, hanka sartze handi bat: ezin duzu esan ezin ditugula omendu eta ez zutela askatasunaren alde borrokatu, baizik eta Euskadiren kontzeptu aldebakar baten alde. Esaten ari zara ni Euskadiren kontzeptu aldebakar baten alde borrokatu nintzela, frankismoaren modu berdinekin? Gu abertzaleak eta antifrankistak ginen. Beste muturra ezker abertzalearena da, Sorturena: bereganatu egin ditu Txiki eta Otaegi, «hauek dira gutarrak». Omendu egiten ditu, horrela, ETAren ibilbidea zuritzeko.
Gauza bera esango nieke biei. Frankismoaren biktimak dira eta errespetua eta duintasuna eskatzen dut beraientzat. Ez ditzagun erabili, ez dezagun euren memoria manipulatu, ez direlako inorenak; norbaitenak izatekotan, herriarenak dira. Desegokiak dira Gogoraren adierazpenak, eta desegokia da Sortuk hartu duen bidea. Izan ere, fusilatu izan ez balituzte, non egongo ziren gaur egun? Mario Onaindia eta ni izan ginen frankismoaren ondoren gure ibilbidea aukeratu ahal izan genuenetako batzuk, eta Euskadiko Ezkerran sartu ginen. Txikik eta Otaegik ezin izan zuten aukeratu.
Elkarbizitzaz ere asko hitz egiten da gaur egun, eta pausoak eman dira. Zer falta da oraindik elkarbizitza benetan lortzeko?
Denborarekin, konbentzituta nago elkarbizitza euskal gizartean txertatuko dela, eta belaunaldi berriek beste giro bat ezagutuko dutela. Askotan, horrelako gatazkak daudenean, belaunaldiak pasatu behar dira. Nik, adibidez, gaur egun, ez dut hitz egiten nire kideak izandako askorekin, eta ez dut inoiz hitz egingo. Ezin dudalako hitz egin bere garaian «traidore», «damutu» eta «espainol» deitu ninduten horiekin. Nire alabak, aldiz, agian, ahalko du hitz egin horien ondorengoekin. Nire nahia da, beharbada oso utopikoa dena, nire bilobak eta torturatu gintuztenen bilobak gai izan daitezela lagunak izateko. Erronka asko ditu egungo Euskal Herriak, elkarbizitza politikoari dagokionez, euskararen transmisioari dagokionez… baina etorkizunarekin itxaropentsua naiz.