'Hatsa' eta 'Gatz harana' lanek irabazi dute Eusko Label Film Mikrolaburren Lehiaketa
III. Eusko Label Film Mikrolaburren lehiaketaren sari banaketa, Donostiako Aquariumean.Zinemaldia Josu Ozaita Azpirozek zuzendutako Hatsa eta Saioa Miguelen Gatz harana film laburrek irabazi dituzte, hurrenez hurren, III. Eusko Label Film Mikrolaburren lehiaketako lehen eta bigarren sariak. Donostiako Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak, HAZI fundazioaren bidez, antolatzen dute lehiaketa, eta helburua da Euskadiko hurbileko produktua zabaltzea eta babestea zinemaren bitartez. Baita ere, gure nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza munduan jasangarritasunari buruzko guztia sustatzea eta ezagutaraztea.
Sailkatutako gainerako film laburrak hauek izan dira: Amona, Gonzalo Santamariña; En el baserri / The Farm (Baserrian), Marta Hernaez Susperregi; Lágrimas de Patxi, Mikel Urreta; Nací leche para ser queso / Born Milk, Destined to Be Cheese (Esne jaio nintzen gazta izateko), Beñat Gereka Bikuña; Nautilus, Angel Aldarondo, eta Zura eta itsasoa / The Wood and the Sea (La madre y el mar), Iker Elorrieta.
Hatsa filmak lortu du lehenbiziko Eusko Label saria, 6.000 eurokoa; lan horrek ikatzaz hitz egiten du, gure arbasoen bizimodu gisa. Gatz harana lanak, berriz, gatzaren ibilbidea erretratatzen du, eskuz ekoizten denetik eguneroko erabilerara arte, eta hark irabazi du bigarren saria, 4.000 eurokoa. Pedro Subijana sukaldaria izan da epaimahaiburua. Karmele Pikabea Euskaber kooperatibako gerenteak eta Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendariak osatu dute epaimahaia.
Atzo arratsaldean egin zuten sari banaketa Donostiako Aquariumean, eta lan irabazleak eta finalistak proiektatu zituzten. Era berean, Zinemaldiak lehiaketatik kanpo ekoitzi eta zenbait euskal zinemagileri enkargatutako bost film laburrak ere eskaini zituzten: Anna, Lur Olaizola Lizarralde; Mahasti artean, Lara Izagirre Garizurieta; Mater, Ion de Sosa; Tu piel / Your Skin (Zure azala), Xabier Gutierrez, eta Zaindariak / Keepers (Vigilantes), Koldo Almandoz.
Lehen aldiz, gainera, Luces Cameros Acción film laburren jaialdiarekin lankidetzan proiektatutako lan bat sartu da ekitaldian. Errioxako El Rasillo de Cameros udalerrian egiten da jaialdi hori. Aukeratutako filma Luis Arrojoren Marciano García izan da, zeinak publikoaren eta interpretazio onenaren sariak lortu baitzituen aurtengo edizioan.


