Hutsa den guztia ez balitz hutsa

Etxe bat bezala balitz hutsa den guztia, isiltasunean bizitzera ohituko ginateke. Hutsa den guztia azkar betetzen delako, edozein modutara betetzen badugu. Eta ohitura da edozerrari eustea, hutsa denak hutsa izateari utz diezaion. Baina, ez gaitezen engainatu; hutsune bat ez da erraz betetzen, ondo bete nahi badugu.
Erakusleiho batean ikusi ditut dozenaka etxe salgai, dozenaka espazio huts, norbaitek bete zain. Hutsune bat edozeinek bete ahalko balu bezala. Dozenaka istorio berri ikusten ditut, idazteko zain.
Pentsatzen dut, sarritan, ez ote garen denbora gehiegi geratzen ez dugun horri begira, ez garenari segika, bizitza horretan soilik joango balitzaigu bezala. Asko pentsatu izan dut horretan. Bizitza huts batean. Batzuetan pentsatzen dut, soilik, zer edo zer egin beharrean. Akaso, bada garaia beste leku batzuetan jartzeko fokua. Edo ez jartzeko hainbeste, jarri behar ez den tokietan.