Kalean presoen aldeko pankartak jartzen dituztenak «identifikatu eta zigortzearen» alde agertu dira EAJ, PSE-EE eta PP
Amnistiaren aldeko pankarta bat, Trinitate plazako frontoian.Aske Donostiako jai guneetan jarri ohi diren kartel eta pankarten inguruko mozio bat aurkeztu zuen Alderdi Popularrak atzoko udalbatzarrean, eta mozioaren bost puntuetatik hiruk EAJren eta PSE-EEren babesa lortu zuten. Gogoratu behar da, hala ere, udalbatzarrean onartzen diren mozioak ez direla lotesleak bere horretan, udal gobernuari egiten zaizkion eskaerak direla baizik.
PPko bozeramaile Borja Corominasek salatu zuen, oro har, espazio publikoan pankartak jartzea, “ez soilik ezker abertzalearen inguruak jartzen dituenak, baita eskuin abertzalearen inguruak jartzen dituenak ere”, EAJk San Bartolomeko aferaren harira hirian jarritako kartelei erreferentzia eginez. Hala ere, bozemaile popularra “bereziki kezkatuta” agertu zen jaietan kaleak “gizarte demokratiko batean lekurik izan beharko ez lukeen zerbaiten publizitate plataforma” bihurtzearekin: “Ez dugu zertan aguantatu behar kaleetan egotea terrorismoa goraipatzen duten, biktimen duintasunerako eskubidea urratzen duten eta donostiar zuzenen sabela nahasten duten pankartak egotea”.
Horrela, bost puntuko eskaera aurkeztu zuen PPk: udal gobernuak ekidin dezala “terrorismoa goratzen duten, ETAko presoentzako espetxeko onurak exijitzen dituzten edo biktimak iraintzen dituzten” pankartak eta kartelak jartzea; pankarta eta kartel horiek jartzen dituzten pertsona eta elkarteak identifikatu eta zigortu ditzala; aipaturiko pankartak eta kartelak kendu ditzala; pankarta horiek gordeta egon daitezkeela uste den udal lokal guztiak miatu ditzala eta espazio publikoan pankartak eta kartelak jartzen dituzten elkarte eta alderdi politiko guztiak zigortu ditzala.
Azken bi puntu horien aurka bozkatu zuten babes nahikoa eskuratu, alderdi guztiek aurka bozkatu baitzuten, horien legezkotasuna eta egingarritasuna zalantzan jarriz, PPk izan ezik. Lehenengo hirurak, aldiz, onartu egin zituzten, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoak jasota. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, besteak beste, argudiatuz presoen espetxe sistemako onurak exijitzea ez dela terrorismoa goratzea, euren “eskubideak errespetatzea” baizik. Elkarrekin Donostia, bestalde, abstenitu egin zen, “mozioaren izpirituarekin ados” egonda ere, pankartak kentzeko lana dagoeneko egiten dela iritzita, besteak beste.


