Kaleko Afari Solidarioak egitasmoaren inguruko mozioa baztertu dute udalbatzarrean
Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek Plaza Berrian egindako prentsaurreko bat, artxiboko irudi batean.Sara Ibarguren Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) egitasmoak bost urte beteko ditu azaroan, eta, urteurrenaren bueltan, egitasmoa bera “balioan jartzeko” mozioa aurkeztu zuen atzoko udalbatzarrean EH Bilduk, baina ez zen aurrera atera. Izan ere, aurka bozkatu zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk eta EH Bildu bera eta Elkarrekin Donostia izan ziren mozioa babestu zuten bakarrak.
Izar Hernando EH Bilduko zinegotziak gogorarazi zuen “pandemia betean” jaio zela KAS egitasmoa, herritar batzuen eskutik, kale egoeran zeuden pertsonei egunean otordu bero bat eman eta, horrela, udalak eskaintzen zituen baliabideen hutsunea betetzeko. Era berean, hizpidera ekarri zuen KAS “desagertzeko” sortu zela, “udalak bere gain hartu beharreko lana tarte batez egiteko”, baina dagoeneko bost urte beteko dituela egunero 200 afaritik gora banatuz, eta Donostian kale egoeran dauden pertsonak orduan baino gehiago direla; 400 inguru, azken zenbaketaren arabera.
Horrela, hiru eskaera aurkeztu zituen koalizio abertzaleak mozioan: udal gobernuak jar ditzala KASen banaketetarako “bermezko bitartekoak, materialari, segurtasunari eta espazioari dagokionez”; KASekin adostu ditzala aipaturiko bitarteko horiek guztiak eta KASen “desagertzeko helburuari jarraituz, elikadura beharrak asetzeko udal zerbitzuak handitu ditzala”.
Gehiengoa, aurka
Aipatu moduan, mozioaren aurka bozkatu zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk. Mariaje Idoeta jeltzaleak, Gizarte Zerbitzuetako Saileko burua ere badenak, nabarmendu zuen udalaren Otorduak programak 200 otordutik gora ematen dituela egunean eta kopurua handitzen joan dela urteotan. Horrez gain, ordea, adierazi zuen KAS ez dagoela “prest udalarekin lan egiteko”, nahiz eta boluntarioek publikoki behin baino gehiagotan adierazi duten elkarlanerako prest daudela.
Era berean, gogorarazi zuen EH Bilduk Gipuzkoako udalerri askotan agintzen duela eta salatu zuen horietako askotan ez dituztela euren betebeharrak betetzen kale egoeran eta egoera zaurgarrian dauden pertsonekiko, eta horrek “erakartze efektua” sortzen duela; hau da, inguruko udalerrietan kale egoeran dauden pertsonak Donostiara etortzen direla KASen afarien bila. “Erakartze efektuaren” argudioa erabili zuen, baita ere, PPko zinegotzi Vanesa Velezek, baita KASen elkarlanerako borondatea zalantzan jarri ere”.


